2. IKASGAIA
Zergatik deitzen gara «Jehobaren lekukoak»?
Jende askok, Jehobaren lekukoak erlijio berri baten izena dela pentsatzen du. Hala ere, duela 2.700 urte baino gehiago, Bibliak Jainkoaren zerbitzariei bere «lekuko» deitu zien (Isaias 43:10-12). 1931. urtera arte, «Bibliaren Ikasleak» izenaz ezagunak ginen. Zergatik erabaki genuen, orduan, «Jehobaren lekukoak» deitzea?
Gure Jainkoa ezagutzera ematen baitu. Antzinako eskuizkribuen arabera, Jainkoaren izena, Jehoba, ia 7.000 aldiz azaltzen da Biblian. Izen hau Jaun, Jainko edo Jaungoiko bezalako tituluekin ordezkatu dute itzulpen askok. Hala ere, Jainkoak bere izen berezia, Jehoba, erabiliz aurkeztu zion bere burua Moisesi, honakoa esanez: «Horixe izango da nire izena betiko» (Irteera 3:15, oharra). Honela, gainontzeko jainko faltsuengandik bereizi zuen bere burua. Beraz, oso harro gaude Jainkoaren izen santua gurekin lotuta egoteaz.
Gure eginkizuna azaltzen baitu. Antzinatik, Abel gizon zintzoarekin hasita, pertsona askok Jehobarengan zuten fedea adierazi zioten jendeari. Mendeetan zehar Jainkoaren «hainbat eta hainbat testigu» izan dira, besteak beste, Noe, Abraham, Sara, Moises eta Dabid (Hebrearrei 11:4–12:1). Norbaitek auzi batean errugabearen alde lekukotasuna edo testigantza ematen duen bezala, Jainkoari buruzko egia ezagutzera emateko erabakia hartu dugu guk.
Jesusen eredua jarraitzen baitugu. Bibliak «testigu leial eta egiazkoa» deitzen dio Jesusi (Apokalipsia 3:14). Izan ere, Jainkoaren izena jakinarazi zuela esan zuen, baita Jainkoari buruzko testigantza egin zuela ere (Mateo 6:9; Joan 17:26; 18:37). Jesusen benetako jarraitzaileek, hortaz, Jehobaren izena erabili eta ezagutzera eman behar dute. Horixe da Jehobaren lekukook egiten saiatzen garena.
-
Zergatik erabaki zuten Bibliaren Ikasleek «Jehobaren lekukoak» deitzea?
-
Noiztik izan ditu Jehobak lurrean lekukoak?
-
Nor da Jehobaren lekukorik nagusiena?