6. IKASGAIA
Zein itxaropen dago hildakoentzat?
1. Zein dira hildakoei buruzko berri onak?
Jesus Jerusalemdik hurbil zegoen Betaniara heldu zenean, bere lagun Lazarok lau egun zeramatzan hilik. Hildako gizonaren arrebekin, Marta eta Mariarekin joan zen Jesus hilobira. Laster, jende multzo handi bat bildu zen. Imajinatu al dezakezu Marta eta Mariaren poza Jesusek Lazaro berpiztu zuela ikustean?—Irakurri Joan 11:21-24, 38-44.
Martak ordurako hildakoei buruzko berri onak jakin, bazekizkien. Bazekien Jehobak hildakoak berpiztuko dituela lurrean berriro bizitzeko.—Irakurri Job 14:14, 15.
2. Zein da hildakoen egoera?
Gizakiok hautsetik sortuak gara (Hasiera 2:7; 3:19). Ez gara hezur-haragizko gorputzetan bizi diren espirituak. Izaki fisikoak gara, beraz, hiltzen garenean gure izateko atalik ez dirau bizirik. Hiltzean gure garuna hil eta pentsamenduak galtzen dira. Horregatik ez zuen ezer esan Lazarok hil eta gero gertatu zitzaionaz, hildakoak konorterik gabe baitaude.—Irakurri 146. Salmoa 4; Kohelet 9:5, 6, 10.
Sufriarazten al ditu hildakoak suaz Jainkoak? Bibliak hildakoak konorterik gabe daudela irakasten duenez, argi dago infernua Jainkoa iraintzen duen irakaspen faltsua dela. Inor suaz torturatzeko ideia soilak higuindu egiten du Jehoba.—Irakurri Jeremias 7:31.
Ikusi Zein da hildakoen egoera? bideoa
3. Hitz egin al dezakete hildakoek gurekin?
Hildakoek ezin dute hitz egin, ezta entzun ere (115. Salmoa 17). Baina aingeru batzuk maltzurrak dira, eta jendearekin hitz egin dezakete hildako gizakiak balira bezala (2 Pedro 2:4). Jehobak hildakoekin hitz egiten saiatzea debekatzen digu.—Irakurri Deuteronomioa 18:10, 11.
4. Nor izango da berpiztua?
Hilobietan hilda dauden milioika lagun berpiztuko dira lurrean, hauen artean Jainkoa ezagutu ez eta gauza txarrak egin zituzten asko.—Irakurri Lukas 23:43; Eginak 24:15.
Berpiztuek Jainkoari buruzko egia ikasi ahal izango dute, baita Jesusen esana egitean berarengan fedea dutela azaldu ere (Apokalipsia 20:11-13). Berpiztu eta gauza onak egiten dituztenak betirako bizitzaz gozatu ahal izango dira lurrean.—Irakurri Joan 5:28, 29.
5. Zer irakasten digu berpizkundeak Jehobari buruz?
Jainkoak hildakoentzat itxaropena eman du bere Semea gugatik hiltzera bidaltzean. Hortaz, berpizkundeak Jehobaren maitasun eta merezi ez dugun adeitasunari buruz hitz egiten digu. Hildakoak berpiztean, nor ikusi nahi zenuke zuk bereziki?—Irakurri Joan 3:16; Erromatarrei 6:23.