Mateo 19:1-30
19 Jesusek gauza hauek esatez bukatu zuenean, Galileatik atera eta Judeako mugetara iritsi zen, Jordan ibaiaren beste aldera.
2 Jendetza handi batek jarraitu zion eta, han, gaixo zeudenak sendatu zituen.
3 Fariseuak, Jesus probatu nahian, hurbildu eta galdetu zioten: «Baimenduta al dago gizon bat, edozein arrazoirengatik, bere emazteagandik dibortziatzea?».
4 Erantzun zien: «Ez al duzue irakurri hasieran sortu zituenak gizon eta emakume egin zituela?
5 Eta esan ziela: “Horregatik gizonak aita eta ama utziko ditu eta emazteari elkartuko* zaio, eta biak bat* izango dira”.
6 Orduan, handik aurrera, ez dira bi, bat baizik. Beraz, Jainkoak elkartu* duena ez dezala gizakiak banandu».
7 Esan zioten: «Zergatik agindu zuen Moisesek, orduan, dibortzio agiria emateko eta emaztea bidaltzeko?».
8 Jesusek berriz: «Burugogorrak* zaretelako utzi zizuen Moisesek emazteagandik dibortziatzen. Baina hasieran ez zen horrela.
9 Nik esaten dizuet: norbait bere emazteagandik dibortziatzen bada, sexu moralgabekeriarik* egon ez bada behintzat, eta beste batekin ezkontzen bada, adulterio egiten du».
10 Dizipuluek esan zioten: «Senar-emazteen arteko egoera hori bada, hobe da ez ezkontzea».
11 Jesusek esan zien: «Denek ezin dute hori egin, dohaina dutenek bakarrik.
12 Zeren badira eunukoak* horrela jaio direnak, eta beste batzuk gizonek eunuko egin dituztenak. Beste batzuek, berriz, zeruko Erreinuagatik euren burua eunuko bihurtu dute. Hau bete dezakeenak bete dezala».
13 Orduan, haurtxoak ekarri zizkioten bedeinkatzeko* eta beraien alde otoitz egiteko, baina dizipuluek errieta* egin zieten.
14 Baina Jesusek esan zien: «Utzi haurtxoei nigana etortzen. Ez geldiarazi, zeren zeruko Erreinua horrelakoena da».
15 Eta eskuak beraien gainean jarri eta gero, handik joan zen.
16 Orduan, gizon bat hurbildu eta galdetu zion: «Maisu, zer gauza on egin behar ditut betirako bizia lortzeko?».
17 Jesusek esan zion: «Zergatik galdetzen didazu niri zer den ona? Bat bakarra da ona. Baina, hala ere, bizia lortu nahi baduzu, obeditu beti aginduak».
18 Gizonak, berriz: «Zeintzuk?». Eta Jesusek: «Ez hil* inor, ez egin adulteriorik, ez lapurtu, ez eman testigantza faltsurik,
19 ohore eman aitari eta amari, eta maitatu lagun hurkoa* zeure burua bezala».
20 Gazteak esan zion: «Hori dena betidanik obeditu dut. Zer gehiago egin behar dut?».
21 Jesusek: «Perfektua izan* nahi baduzu, zoaz daukazuna saltzera eta eman dirua pobreei. Horrela, altxorra izango duzu zeruan. Gero, etorri eta nire jarraitzaile izan».
22 Hau entzutean, gaztea lur jota* joan zen, aberastasun asko baitzituen.
23 Orduan, Jesusek esan zien dizipuluei: «Benetan esaten dizuet: aberats batentzat zaila izango da zeruko Erreinuan sartzea.
24 Berriro esaten dizuet: errazagoa da gamelu batentzat jostorratzaren begitik sartzea, aberats batentzat Jainkoaren Erreinuan sartzea baino».
25 Hori entzutean, dizipuluak zeharo harrituta geratu ziren, eta esan zuten: «Nor salbatu daiteke, orduan?».
26 Jesusek begietara begiratuz esan zien: «Gizakientzat hau ez da posible, baina Jainkoarentzat dena da posible».
27 Orduan, Pedrok erantzun zion Jesusi: «Hara!, den-dena utzi dugu zuri jarraitzeko. Zer jasoko dugu guk, orduan?».
28 Jesusek esan zien dizipuluei: «Benetan esaten dizuet: gauza guztiak berriak egiteko* garaia iristen denean, Gizonaren Semea aintzaz beteriko tronuan esertzen denean, niri jarraitu didazuenok 12 tronutan eseriko zarete, eta Israelgo 12 tribuak epaituko dituzue.
29 Eta nire izenagatik etxeak, anaiak, arrebak, aita, ama, seme-alabak edo lurrak uzten dituenak 100 aldiz gehiago jasoko du, eta etorkizunean betirako biziko da.
30 «Baina lehenak diren asko azkenak izango dira, eta azkenak diren asko lehenak.
Oharra
^ Lit. «itsatsiko; atxikiko».
^ Lit. «haragi bakarra».
^ Edo «uztarri berean jarri».
^ Lit. «bihotz-gogorrak».
^ Lit. «eskuak gainean jartzeko».
^ Edo «agiraka».
^ Edo «asasinatu».
^ Edo «hurbilekoa; albokoa».
^ Edo «Bete-betea izan», «Den-dena ongi bete».
^ Edo «aire triste batekin».
^ Edo «birsorkuntza».