Lukas 7:1-50
7 Herriari esan beharrekoa esan ondoren, Kapernaumen sartu zen.
2 Bazen han armadako ofizial* bat. Asko maite zuen morroi bat zeukan eta hau oso gaixo zegoen, hilzorian.
3 Armadako ofizialak Jesusi buruz entzun zuenean, juduen arteko adindun batzuk bidali zizkion morroia sendatzera etortzeko eskatuz.
4 Jesusengana iritsi zirenean, behin eta berriz erregutu zioten: «Gizon honek zure laguntza merezi du;
5 gure nazioa maite du eta bera da gure sinagoga eraiki duena».
6 Beraz, Jesus beraiekin joan zen. Baina etxetik hurbil zegoenean, armadako ofizialak bere lagun batzuk bidali zituen esatera: «Jauna, ez duzu etorri beharrik; ez dut zu nire etxean sartzerik merezi.
7 Horregatik, ez nintzen zure aurrean aurkezteko duin sentitzen. Baina aski duzu hitz bakarra esatea, eta nire zerbitzaria sendatu egingo da.
8 Zeren nik ere aginduak obeditzen ditut, eta nire soldaduei aginduak ematen dizkiet. Eta bati esaten diot: “Zoaz!”, eta joan egiten da. Eta besteari: “Zatoz!”, eta etorri egiten da. Eta nire morroiari: “Egin hau!”, eta hala egiten du».
9 Hori entzutean, Jesus harrituta geratu zen, eta jarraitzen zion jendetzari zuzenduz, esan zuen: «Benetan esaten dizuet: Israelen ere ez dut halako fede handia duen inor aurkitu».
10 Armadako ofizialak bidalitakoak etxera itzuli zirenean, morroia sendatuta zegoela ikusi zuten.
11 Handik gutxira, Jesusek Nain izeneko hiri batera bidaiatu zuen, eta dizipuluek eta jendetza handi batek berarekin bidaiatzen zuten.
12 Hiriko atera iristen ari zela, hara non, hildako bat ateratzen ari ziren, emakume baten seme bakarra. Gainera, emakume hau alarguna zen. Hiriko jende asko zegoen berarekin.
13 Jaunak emakumea ikusi zuenean, zeharo hunkitu zen eta esan zion: «Ez egin negarrik».
14 Berehala, Jesus hurbildu eta hildakoa eramaten ari ziren esku-ohea ukitu zuen. Eramaten ari zirenak gelditu egin ziren. Orduan, esan zuen: «Gazte, nik esaten dizut: altxa!».
15 Eta hildakoa eseri eta hitz egiten hasi zen, eta Jesusek bere amari eman zion.
16 Denak zeharo harrituta* geratu ziren eta Jainkoa goresten hasi ziren, esanez: «Profeta handi bat agertu da gure artean» eta «Jainkoa bere herriaz gogoratu da».
17 Eta Jesusek egin zuena Judea osoan eta lurralde guzti hartan zabaldu zen.
18 Orduan, gertatutako guztia kontatu zioten Joani bere dizipuluek.
19 Beraz, Joanek bere bi dizipuluri deitu eta Jaunarengana bidali zituen galdetzera: «Zu al zara etorri behar duena, ala beste baten zain egon behar dugu?».
20 Jesusengana iritsi zirenean, esan zioten: «Joan Bataiatzaileak zuregana bidali gaitu zera galdetzera: “Zu al zara etorri behar duena, ala beste baten zain egon behar dugu?”».
21 Momentu horretan, Jesusek pertsona askori mota guztietako gaixotasunak sendatu zizkien, bai arinak, baita larriak ere; espiritu gaiztoak ere bota zituen eta itsu askori ikusmena itzuli zien.
22 Orduan, Jesusek erantzun zien: «Zoazte eta kontatu Joani ikusi eta entzun duzuena: orain itsuek ikusi egiten dute, herrenak ibiltzen dira, lepradunak garbi geratzen dira, gorrek entzun egiten dute, hildakoak berpizten* dira eta pobreek berri onak entzuten dituzte.
23 Zoriontsua nitaz zalantzarik ez duena*».
24 Joanen mezulariak abiatu zirenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendetzari: «Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kainabera bat?
25 Orduan, zer ikustera atera zineten? Arropa finez* jantzitako gizon bat? Bai, zera! Arropa ederrez janzten direnak eta luxuz inguratuta bizi direnak erregeen jauregietan egoten dira eta!
26 Zertara atera zineten, ba? Profeta bat ikustera? Bai, nik esaten dizuet profeta bat baino handiagoa den norbait ikusi duzuela.
27 Izan ere, berari buruz idatzi ziren hitz hauek: “Begira! Nire mezularia bidaliko dut zure aurretik* zuri bidea prestatzera”.
28 Nik esaten dizuet: ez da inoiz emakume batengandik Joan Bataiatzailea baino handiagoa den inor jaio. Hala ere, Jainkoaren Erreinuan txikiena dena, bera baino handiagoa da».
29 Herri osoak eta zerga biltzaileek hori entzun zutenean, Jainkoa zuzena dela esan zuten, zeren Joanen bataioaren bidez izan ziren bataiatuak.
30 Baina fariseuek eta Legearen adituek Jainkoak beraientzat zuen aholkua* mespretxatu zuten, zeren ez zuten onartu Joanen bidez bataiatuak izatea.
31 Jesusek jarraitu zuen: «Norekin konparatuko dut, orduan, belaunaldi honetako jendea? Eta noren antzekoak dira?
32 Merkatuan eserita dauden haurrak bezalakoak dira, elkarri esaten diotenak: “Txirula jo dizuegu, baina ez duzue dantzarik egin; hileta kantuak kantatu, baina ez duzue negarrik egin”.
33 Modu berean, Joan Bataiatzailea ez zen ez ogia jaten, ez ardoa edaten etorri. Baina zuek esaten duzue: “Deabru bat dauka”.
34 Gizonaren Semea, aldiz, jaten eta edaten etorri da. Baina zuek esaten duzue: “Hara!, a ze tripontzi eta mozkorra*, zergalarien eta bekatarien laguna!”.
35 Dena dela, emaitzek frogatzen dute jakinduria*».
36 Fariseuetako batek berarekin jateko behin eta berriz eskatzen zionez, Jesus bere etxean sartu eta mahaian eseri* zen.
37 Hiri hartan, bazen bekatari izateagatik ezaguna zen emakume bat. Jesus fariseuaren etxean jaten ari zela* jakin zuenean, usain goxoko olioz betetako alabastrozko ontzitxo bat ekarri zuen.
38 Jesusen atzean jarri zen, bere oinen ondoan negarrez. Malkoekin oinak bustitzen zizkion eta buruko ilearekin lehortu. Gainera, oinak goxo-goxo muxukatzen zizkion eta hauetan usain goxoko olioa isuri zion.
39 Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak pentsatu zuen: «Gizon hau benetan profeta izango balitz, jakingo luke ukitzen ari zaion emakumea nor eta nolakoa den; bekataria, alegia».
40 Jesusek bazekien zer pentsatzen ari zen, eta esan zion: «Simon, zerbait esan behar dizut». Erantzun zion: «Esan, ba, Maisu!».
41 «Diru prestatzaile batek bi zordun zituen; batek 500 denario* zor zizkion, eta besteak 50.
42 Ez zutenez nola ordaindu, eskuzabala izan zen eta biei barkatu zien. Orduan, bietako zeinek maitatuko du gehiago?».
43 Simonek erantzun zion: «Gehien barkatu zaion gizonak, nik uste». Jesusek orduan: «Ondo erantzun duzu».
44 Eta emakumeari begiratuz, Simoni esan zion: «Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naiz eta ez didazu oinak garbitzeko urik eman, baina emakume honek bere malkoekin busti dizkit oinak eta ilearekin lehortu.
45 Ez didazu muxurik eman, baina emakume hau, sartu naizenetik, etengabe aritu da nire oinak goxo-goxo muxukatzen.
46 Ez didazu buruan oliorik isuri, baina emakume honek oinetan usain goxoko olioa isuri dit.
47 Beraz, nik esaten dizut: nahiz eta emakume honek bekatu asko* egin, barkatu egin zaizkio asko maitatu duelako. Baina norbaiti gutxi barkatzen zaionean, gutxi maitatzen du».
48 Orduan, emakumeari esan zion: «Barkatuta daude zure bekatuak».
49 Berarekin mahaian zeudenak, elkarri esaten hasi ziren: «Nor da gizon hau bekatuak eta guzti barkatzen dituena?».
50 Baina emakumeari esan zion: «Zure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Oharra
^ Edo «zenturioi», hau da, erromatar armadan 100 soldaduren kargu zegoen ofiziala.
^ Edo «beldurrak jota».
^ Lit. «altxatzen».
^ Edo «niregatik estropezu egiten ez duena».
^ Lit. «leunez».
^ Lit. «zure aurpegiaren aurretik».
^ Edo «gida».
^ Edo «ardozalea».
^ Edo «seme-alaba guztien bidez erakusten da jakinduria zuzena dela».
^ Edo «mahai aldera etzan».
^ Edo «mahai aldera etzanda zegoela».
^ Edo «handiak».