Lukas 5:1-39
5 Behin, Jesus Genesareteko lakuan* zegoela, jendetza pilatu zen bere inguruan Jainkoaren hitza entzuteko.
2 Jesusek bi txalupa ikusi zituen laku ertzean. Arrantzaleak, txalupetatik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren.
3 Jesus txalupa horietako batera igo zen, eta Simoni —txaluparen jabeari— laku ertzetik pixka bat aldentzeko eskatu zion. Orduan, eseri eta jendetzari txalupatik irakasten hasi zitzaion.
4 Hitz egiten bukatu zuenean, Simoni esan zion: «Arraun egin ur sakonetara eta bota sarea arrantzatzeko».
5 Baina Simonek esan zion: «Maisu, gau osoa eman dugu lan eta lan, eta ez dugu ezer harrapatu; baina zuk esaten duzulako, botako ditut sareak».
6 Ba, hori egitean, sekulako arrain pila harrapatu zuten eta sareak puskatzen hasi ziren.
7 Orduan, beste txalupan zeuden arrantza-lagunei keinuak egin zizkieten laguntzera etortzeko. Hurbildu ziren eta bi txalupak bete zituzten. Txalupak bete-bete eginda zeudenez, hondoratzen hasi ziren.
8 Hori ikustean, Jesusen aurrean belaunikatu zen Simon Pedro, eta esan zion: «Urrundu nigandik, Jauna, bekataria naiz eta».
9 Izan ere, hitz horiek esan zituen, bai bera, bai berarekin zeudenak, harrapatutako arrain kopuruarekin zeharo harrituta zeudelako.
10 Eta gauza bera gertatu zitzaien Santiago eta Joani ere —Zebedeoren semeei—, Simonen arrantza-lagunei. Baina Jesusek esan zion Simoni: «Utzi beldur izateari; hemendik aurrera gizakiak* arrantzatuko dituzu».
11 Beraz, txalupak berriro lehorrera ekarri zituzten, eta dena atzean utziz jarraitu egin zioten.
12 Beste behin, hirietako batean zegoela, begira! Lepraz jositako gizon bat agertu zen. Jesus ikusi zuenean, belaunikatu eta lurreraino makurtu zen, eta erregutu zion: «Jauna, badakit nahi baduzu sendatu* nazakezula».
13 Orduan, Jesusek eskua luzatuz ukitu egin zuen, eta esan zion: «Nahi dut! Sendatu zaitez*». Une hartan bertan, lepra desagertu zitzaion.
14 Orduan, inori ez kontatzeko agindu zion gizonari. Gainera, esan zion: «Zoaz eta aurkeztu apaizaren aurrean eta, garbitua izan zarela erakusteko, eskaini Moisesek agindutako oparia. Horrela, sendatu zarela jakingo dute».
15 Hala ere, gero eta gehiago hitz egiten zen Jesusi buruz. Jendetza handiak pilatzen ziren berari entzuteko eta beraien gaixotasunetatik sendatuak izateko.
16 Jesus, berriz, askotan toki bakartietara joaten zen otoitz egitera.
17 Egun batean, irakasten ari zela, lege maisu eta fariseu batzuk zeuden han eserita, Galilea eta Judeako herri guztietatik eta Jerusalemetik etorritakoak. Eta Jehobaren boterea Jesusekin zegoen gaixoak sendatzeko.
18 Halako batean, gizon batzuek elbarritu bat ekarri zuten esku-ohe batean, eta Jesus zegoen tokira sartzen saiatu ziren.
19 Baina jendetzagatik ezin zuten Jesusengana iritsi. Horregatik, etxe gainera igo eta esku-ohean teilatutik jaitsi zuten, eta jende artean jarri zuten, Jesusen pare-parean.
20 Beraien fedea ikustean, elbarrituari esan zion: «Lagun, barkatuta daude zure bekatuak».
21 Lege maisu eta fariseuak, orduan, elkarri esaten hasi ziren: «Nor da blasfematzen ari den hau? Nork barkatu ditzake bekatuak Jainkoak izan ezik?».
22 Konturatu zen Jesus zer pentsatzen ari ziren, eta erantzun zien: «Zergatik pentsatzen duzue horrela?
23 Zer da errazagoa? “Barkatuak daude zure bekatuak” esatea ala “altxa eta ibili” esatea?
24 Baina Gizonaren Semeak lurrean bekatuak barkatzeko autoritatea duela jakin dezazuen…», elbarrituari esan zion: «Nik esaten dizut: altxa, hartu esku-ohea eta zoaz etxera».
25 Orduan, gizona denen aurrean altxatu, bere esku-ohea hartu eta etxera joan zen Jainkoa goraipatzen zuen bitartean.
26 Orduan, den-denak miresmenez bete eta Jainkoa goraipatzen hasi ziren. Zeharo txundituta* esaten zuten: «Gauza zoragarriak ikusi ditugu gaur!».
27 Honen ondoren, Jesus handik atera eta Lebi izeneko zergalari bat ikusi zuen zerga bulegoan eserita, eta esan zion: «Izan nire jarraitzaile».
28 Eta Lebi, dena atzean utzita, jaiki eta jarraitzen hasi zitzaion.
29 Orduan, Lebik bankete handi bat antolatu zuen bere etxean Jesusentzat. Zergalari eta beste pertsona asko zeuden han, beraiekin jaten*.
30 Hori ikustean, fariseuak eta beraien lege maisuak Jesusen dizipuluak kritikatzen hasi ziren, eta esan zieten: «Nolatan jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?».
31 Jesusek erantzun zien: «Osasuntsu daudenek ez dute medikurik behar, baina gaixo daudenek bai.
32 Ez naiz zuzenei deitzera etorri, bekatariei baizik, damutu daitezen».
33 Orduan, esan zioten: «Joanen dizipuluek askotan egiten dute barau eta erregu, eta gauza bera egiten dute fariseuen dizipuluek. Baina zureek jan eta edan egiten dute».
34 Jesusek erantzun zien: «Ezin dituzue senargaiaren lagunak barau egitera behartu senargaia beraiekin dagoen bitartean, ezta?
35 Baina iritsiko da, bai, senargaia kenduko zaien eguna, eta egun horretan egingo dute barau».
36 Konparaketa hau ere jarri zien: «Inork ez du mantu berri batetik petatxu* bat mozten eta jantzi zaharrean josten. Hala egiten badu, petatxu berriak jantzi zaharra urratuko du, eta petatxua eta jantzi zaharra ez dira bat etorriko.
37 Gainera, inork ez du ardo berria zahagi* zaharretan jartzen. Hala egiten badu, ardo berriak zahagiak lehertuko ditu, isuri egingo da eta zahagiek ez dute ezertarako balio izango.
38 Horregatik, ardo berria zahagi berrietan jarri behar da.
39 Ardo zaharra edan ondoren, inork ez du berririk nahi, “zaharra ona da” esaten baitu».
Oharra
^ Hau da, Galileako itsasoan.
^ Edo «gizakiak bizirik».
^ Edo «garbi egin».
^ Lit. «Izan garbitua».
^ Edo «Beldurrak jota».
^ Edo «beraiekin mahai aldera etzanda».
^ Edo «adabaki».