Lukas 22:1-71

  • Apaizek Jesus hiltzeko konspiratu (1-6)

  • Azken Pazkorako prestaketak (7-13)

  • Jaunaren Azken Afaria (14-20)

  • «Traizionatuko nauenaren eskua nirekin dago mahaian» (21-23)

  • Dizipuluak handiena nor ote den gogor eztabaidatzen (24-27)

  • Erreinu baterako Jesusen ituna (28-30)

  • Jesusek Pedrok ukatuko zuela aurresan (31-34)

  • Prest egoteko beharra; bi ezpatak (35-38)

  • Jesus Oliamendin otoitz egiten (39-46)

  • Jesus atxilotua (47-53)

  • Pedrok Jesus ukatu (54-62)

  • Jesusi burla egiten (63-65)

  • Sanedrinaren aurrean epaitua (66-71)

22  Legamia Gabeko Ogien Jaia, Pazkoa deitua, hurbiltzen ari zen. 2  Apaizburuak eta lege maisuak, herriaren erreakzioaren beldur zirenez, Jesus hiltzeko modurik onena bilatzen ari ziren. 3  Orduan, Satanas Judasengan sartu zen —Iskariote deitua, Hamabietako bat—, 4  eta Judas apaizburu eta tenpluko kapitainengana joan zen Jesus nola traizionatuko zuen eta beraien esku nola utziko zuen hitz egitera. 5  Hauek asko poztu ziren, eta Judasi dirua* ematea adostu zuten. 6  Honek onartu egin zuen, eta Jesus traizionatzeko eta beraien esku uzteko aukera on baten bila hasi zen; baina ez zuen jendearen aurrean egin nahi. 7  Legamia Gabeko Ogien Jaiaren eguna iritsi zen eta, egun honetan, Pazko sakrifizioa eskaini behar zen. 8  Beraz, Jesusek Pedro eta Joan bidali zituen, esanez: «Zoazte eta prestatu guretzat Pazko afaria». 9  Haiek galdetu zioten: «Non nahi duzu prestatzea?». 10  Jesusek erantzun zien: «Begira! Hirian sartzean, ur pitxer bat daraman gizon batek zuekin egingo du topo. Segi berari eta sartu bera sartzen den etxean. 11  Eta esan etxeko jabeari: “Maisuak esaten dizu: ‘Non dago nire dizipuluekin Pazkoa jateko gonbidatuen gela?’”. 12  Gizon horrek goian gela handi bat erakutsiko dizue, altzariz jantzita. Prestatu Pazkoa han». 13  Beraz, joan ziren eta guztia Jesusek esan bezala aurkitu zuten, eta Pazkorako dena prestatu zuten. 14  Ordua iritsi zenean, Jesus apostoluekin batera mahaian eseri* zen. 15  Eta esan zien: «Gogo handia nuen, nire sufrimendua hasi baino lehen, zuekin Pazko afari hau jateko. 16  Zeren nik esaten dizuet: ez dut berriro Pazko afaririk jango hau Jainkoaren Erreinuan bete arte». 17  Eta, kopa bat onartuz, Jainkoari eskerrak eman zizkion eta esan zien: «Hartu eta pasa zuen artean, 18  zeren nik esaten dizuet: hemendik aurrera ez dut berriro mahastiaren fruitutik edango Jainkoaren Erreinua etorri arte». 19  Gero, ogi bat hartu, Jainkoari eskerrak eman, zatitu eta dizipuluei eman zien, esanez: «Honek nire gorputza irudikatzen du, zuen alde emango dena. Segi hau egiten nire oroimenez». 20  Gero, afaldu ondoren, gauza bera egin zuen koparekin ere, esanez: «Kopa honek itun berria irudikatzen du. Itun hau nire odolaren bidez balioztatuko da, zuen onerako isuria izango dena. 21  «Baina begira! Traizionatuko nauenaren eskua nirekin dago mahaian. 22  Izan ere, Gizonaren Semeak bere bidea jarraituko du erabakita dagoen moduan. Baina ai, bera traizionatzen duen gizona!». 23  Orduan, hori egingo zuena nor izango ote zen eztabaidatzen hasi ziren beraien artean. 24  Gero, eztabaida gogorra ere sortu zen dizipuluen artean, ea beraien artean handiena nor ote zen. 25  Baina Jesusek esan zien: «Nazioetako erregeek herria beraiena izango balitz bezala jokatzen dute, eta jendearen gain autoritatea dutenei ongile deitzen zaie. 26  Zuek, ordea, ez duzue horrelakoak izan behar. Zuen artean handiena, bihurtu dadila gazteena bezalakoa, eta aurrea eramaten duena, zerbitzatzen duena bezalakoa. 27  Nor da handiagoa, jaten duena* ala zerbitzatzen duena? Ez al da jaten duena? Baina ni, zuen artean zerbitzari bezala nago. 28  «Hala ere, zuek izan zarete nire probetan nire alboan egon zaretenak. 29  Eta nik erreinu baterako itun bat egiten dut zuekin, nire Aitak nirekin itun bat egin duen bezalaxe, 30  nire Erreinuan, nire mahaian jan eta edan dezazuen, eta Israelgo 12 tribuak epaitzeko tronuetan eseri zaitezten. 31  «Simon, Simon, entzun! Satanasek zuek guztiak garia bezala astintzea eskatu du. 32  Baina nik erregu egin dut zure fedeak huts egin ez dezan. Eta zuk, itzultzen zarenean, sendotu zure anaiak». 33  Pedrok esan zion: «Jauna, prest nago zurekin kartzelara joateko, baita hiltzeko ere». 34  Baina Jesusek esan zion: «Nik esaten dizut, Pedro: gaur oilarrak ez du kantatuko, zuk ezagutzen nauzula hiru aldiz ukatu arte». 35  Hau ere esan zien: «Diru poltsarik, janari poltsarik eta sandaliarik gabe bidali zintuztedanean, ez zenuten ezer falta izan, ezta?». Erantzun zioten: «Ez!». 36  Orduan, esan zien: «Ba, orain, diru poltsa daukanak hartu dezala, baita janari poltsa daukanak ere; eta ezpatarik ez daukanak bere mantua saldu eta bat erosi dezala. 37  Zeren nik esaten dizuet nigan bete behar dela idatzita dagoen hau: “Gaizkiletzat hartu zuten*”. Hain zuzen ere, hau, nigan betetzen ari da». 38  Orduan, esan zioten: «Begira, Jauna! Bi ezpata daude hemen». Erantzun zien: «Horrekin nahiko». 39  Handik ateratzean, ohitura zuen bezala Oliamendira joan zen, eta dizipuluek jarraitu egin zioten. 40  Hara iristean, esan zien: «Geratu otoitz egiten. Horrela, ez zarete tentazioan eroriko». 41  Jesus haiengandik harrikada batera aldendu zen. Orduan, belaunikatu eta otoitz egiten hasi zen, 42  esanez: «Aita, nahi baduzu, urrundu nigandik kopa hau. Baina ez dadila nire nahia egin, zurea baizik». 43  Orduan, zeruko aingeru bat agertu zitzaion eta indartu egin zuen. 44  Baina Jesusek izugarrizko ezinegona sentitzen zuen, eta bihotz-bihotzez otoitz egiten jarraitu zuen; eta bere izerdia lurrera erortzen ziren odol tantak bezalakoa bihurtu zen. 45  Otoitz egin ondoren altxatu zenean, dizipuluengana joan zen eta lotan aurkitu zituen, tristurak jota. 46  Esan zien: «Zergatik zaudete lotan? Jaiki eta segi otoitz egiten. Horrela, ez zarete tentazioan eroriko». 47  Momentu hartan, oraindik hitz egiten ari zela, jendetza handi bat agertu zen. Eta Judas izeneko gizona —Hamabietako bat— zihoan aurretik, eta Jesusengana hurbildu zen muxu emateko. 48  Baina Jesusek esan zion: «Judas, muxu batekin traizionatzen duzu Gizonaren Semea?». 49  Bere inguruan zeudenek zer gertatuko zen ikusi zutenean, esan zioten: «Jauna, ezpataz erasoko diegu?». 50  Haietako batek apaiz nagusiaren morroiari eraso egin eta eskuineko belarria moztu zion. 51  Baina Jesusek esan zuen: «Aski da». Eta morroiari belarria ukitu eta sendatu egin zuen. 52  Jesusek orduan, bere bila etorritako apaizburu, tenpluko kapitain eta adindunei esan zien: «Lapur bat al naiz ezpatak eta makilak eskuetan hartuta etortzeko? 53  Egunero-egunero tenpluan nengoenean, ez zenidaten eskurik gainean jarri. Baina hau da zuen ordua, eta iluntasunak agintzen duen ordua». 54  Orduan, Jesus atxilotu eta apaiz nagusiaren etxera eraman zuten. Eta Pedrok urrutitik jarraitzen zien. 55  Batzuk patioaren erdian sua piztu eta elkarrekin eseri ziren, eta Pedro beraiekin eseri zen. 56  Baina neskame batek sutondoan eserita zegoela ikusi zuenean, begira-begira geratu zitzaion eta esan zuen: «Gizon hau ere berarekin zegoen». 57  Baina Pedrok ukatu egin zuen, esanez: «Emakume, ez dinat gizon hori ezagutzen». 58  Handik gutxira, beste pertsona batek ikusi zuen, eta esan zion: «Hi ere haietako bat haiz». Baina Pedrok esan zuen: «Ez, inola ere ez». 59  Eta handik ordubete ingurura, beste gizon batek behin eta berriz esaten zuen: «Ez zegok dudarik, gizon hau ere berarekin ibiltzen zuan. Argi zegok, galilearra duk!». 60  Baina Pedrok esan zion: «Ez zekiat zertaz ari haizen». Eta momentu hartantxe, oraindik hitz egiten ari zela, oilarrak kukurruku egin zuen. 61  Orduan, Jaunak buelta eman eta Pedrori begira-begira geratu zitzaion, eta Pedrok Jaunak esandako hitzak gogoratu zituen: «Gaur oilarrak kantatu baino lehen, hiru aldiz ukatuko duzu ezagutzen nauzula». 62  Kanpora atera, eta negar eta negar hasi zen. 63  Jesus atxilotuta zeukaten gizonak honi burla egiten eta jotzen hasi ziren. 64  Eta aurpegia tapatu ondoren, behin eta berriz galdetzen zioten: «Profeta bahaiz, esan, nork jo hau?». 65  Eta beste blasfemia asko esan zituzten bere aurka. 66  Eguna argitu zenean, herriko adindun biltzarra elkartu zen, bai apaizburuak, baita lege maisuak ere. Orduan, Jesus Sanedrinaren gelara eraman eta esan zioten: 67  «Kristo baldin bazara, esaguzu». Baina esan zien: «Esango banizue ere, ez zenukete inoiz sinetsiko. 68  Gainera, nik zerbait galdetuko banizue, ez zenidakete erantzungo. 69  Hala ere, hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainkoaren eskuinalde boteretsuan eserita egongo da». 70  Eta denek esan zioten: «Zu al zara, orduan, Jainkoaren Semea?». Jesusek erantzun zien: «Zeuek ari zarete ni naizela esaten». 71  Haiek orduan: «Zertarako behar dugu testigantza gehiago? Guk geuk entzun dugu bere ahotik».

Oharra

Lit. «zilarra».
Edo «mahai aldera etzan».
Edo «mahai aldera etzaten dena».
Lit. «Jende legegabearen artean kontatu zuten».