Lukas 21:1-38
21 Orduan, begirada altxatzean, Jesusek aberatsak ikusi zituen altxor ontzietan* dohaintzak botatzen.
2 Alargun behartsu bat ere ikusi zuen oso balio gutxiko bi txanpon txiki* botatzen.
3 Eta esan zuen: «Benetan esaten dizuet: alargun pobre honek beste guztiek baino gehiago bota du.
4 Zeren beste guzti hauek soberan dutenetik egiten dituzte dohaintzak; berak, ordea, bere eskasian*, bizitzeko zeukan guztia bota du».
5 Beranduago, batzuk tenpluari buruz hitz egiten ari ziren, eta harri ederrez eta Jainkoari eskainitako gauzez apaindua nola zegoen komentatzen zuten.
6 Orduan, Jesusek esan zuen: «Etorriko da eguna, orain ikusten duzuen honetatik, harririk harri gainean geratuko ez dena; behera botako dute dena».
7 Dizipuluek galdetu zioten: «Maisu, orduan, noiz gertatuko dira gauza hauek? Eta zein izango da gauza hauek gertatzera doazela erakutsiko duen seinalea?».
8 Erantzun zien: «Kontuz ibili engainatuak ez izateko, zeren asko nire izenean etorriko dira, esanez: “Ni naiz hura” eta “Finkatutako garaia hurbil dago”. Ez joan haien atzetik.
9 Gainera, gerrei eta istiluei* buruz entzutean, ez ikaratu; izan ere, gauza hauek gertatu behar dira lehenengo, baina azkena ez da segituan etorriko».
10 Orduan, esan zien: «Nazioek nazioen aurka eta erreinuek erreinuen aurka egingo dute borroka.
11 Lurrikara handiak egongo dira, eta han eta hemen goseteak eta epidemiak. Gauza beldurgarriak eta zeruko seinale handiak ikusiko dira.
12 «Baina gauza guzti hauek gertatu baino lehen, jendeak atxilotu eta pertsegitu egingo zaituzte. Sinagogetan entregatu eta kartzeletan sartuko zaituzte. Erregeen eta gobernarien aurrera eramango zaituzte nire izenagatik.
13 Honek testigantza emateko aukera emango dizue.
14 Beraz, zuen defentsa aldez aurretik ez prestatzeko determinazioa eduki*,
15 zeren nik emango dizkizuet hitzak eta jakinduria, eta zuen etsai guztiek batera ezin izango diete hauei aurka egin, ezta erantzun ere.
16 Gainera, gurasoek, anaiek, familiakoek eta lagunek entregatuko* zaituztete, eta zuetako batzuk hil egingo dituzte.
17 Eta nire izenagatik jende guztiak gorrotatuko zaituzte.
18 Hala ere, ez da zuen buruko ile bakar bat ere galduko.
19 Zuen iraupenez* salbatuko duzue bizia.
20 «Hala ere, Jerusalem akanpatutako armadez inguraturik ikustean, orduan jakin ezazue bere suntsipena hurbildu dela.
21 Orduan Judean daudenek ihes egin dezatela mendietara, Jerusalem erdian daudenak atera daitezela, eta landan daudenak ez daitezela hirira sartu.
22 Zeren hauek justizia egiteko egunak* dira, idatzitako gauza guztiak bete daitezen.
23 Ai, egun horietan haurdun dauden edo haurrei bularra ematen ari diren emakumeak! Zeren lur honetan sufrimendu handia egongo da, eta haserre handia egongo da herri honen aurka.
24 Ezpataz eroriko dira hilda, eta nazio guztietara eramango dituzte preso; eta nazioek* Jerusalem zapalduko dute nazioen* finkatutako garaiak bete arte.
25 «Gainera, eguzkian, ilargian eta izarretan seinaleak egongo dira, eta lurrean nazioen estutasuna, itsasoaren orroagatik eta olatuengatik zer egin ez dakitela.
26 Lurrean* gertatuko diren gauzak direla eta, jendea ikara eta larritasunagatik zorabiatu egingo da, zeruetako botereak astinduak izango baitira.
27 Orduan Gizonaren Semea hodei batean etortzen ikusiko dute boterez eta aintza handiz.
28 Baina gauza hauek gertatzen hastean, zutik jarri eta altxa buruak, zuen askapena hurbil dago eta».
29 Eta konparaketa bat jarri zien: «Begira pikondoari eta beste zuhaitz guztiei.
30 Hosto berriak ateratzen zaizkiola ikusten duzuenean, badakizue uda hurbil dagoela.
31 Zuek ere, gauza hauek gertatzen ikustean, jakin ezazue Jainkoaren Erreinua hurbil dagoela.
32 Benetan esaten dizuet belaunaldi hau ez dela inola ere desagertuko gauza guztiak gertatu arte.
33 Zeru-lurrak desagertuko dira, baina nire hitzak ez dira sekula desagertuko*.
34 «Erne ibili zeuen buruarekin, gehiegi jateagatik, gehiegi edateagatik eta bizitzaren kezkengatik bihotzean gehiegizko zama ez izateko, eta bat-batean egun horrek ustekabean ez harrapatzeko
35 tranpa bat bezala. Izan ere, egun hori lur osoan bizi diren guztien gainera etorriko da.
36 Beraz, segi esna, denbora guztian erregu eginez, gertatu behar diren gauza guzti hauetatik ihes egin ahal izateko eta Gizonaren Semearen aurrean zutik egon ahal izateko».
37 Jesusek egunez tenpluan irakasten zuen, baina gauez handik atera eta Oliamendi izeneko mendian hartzen zuen ostatu.
38 Eta goizean goiz herri osoa joaten zen tenplura berari entzutera.
Oharra
^ Edo «kutxetan».
^ Edo «pobrezian».
^ Edo «erreboltei».
^ Lit. «erabaki zuen bihotzean».
^ Edo «traizionatuko».
^ Edo «pertseberantziaz».
^ Edo «mendeku egunak».
^ Edo «jentilek». Hau da, juduak ez ziren nazioak.
^ Edo «jentilen». Hau da, juduak ez ziren nazioak.
^ Edo «Biztanleak dituen lurrean».
^ Edo «nire hitzek betirako iraungo dute».