Lukas 19:1-48

  • Jesusek Zakeo bisitatu (1-10)

  • Hamar minen konparaketa (11-27)

  • Jesusen sarrera handia (28-40)

  • Jesus Jerusalemengatik negarrez (41-44)

  • Jesusek tenplua garbitu (45-48)

19  Jesus Jerikon sartu eta hiria zeharkatzen hasi zen. 2  Han, Zakeo izeneko gizon bat zegoen. Zergalarien buru zen, eta aberatsa. 3  Jesus nor zen ikusten saiatzen ari zen, baina jendetzarekin ezin zuen, txikia baitzen. 4  Horregatik, korrika aurreratu eta basapiku* batera igo zen Jesus ikusi ahal izateko, handik pasatzear zegoen eta. 5  Jesus toki hartara iritsi zenean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi segituan, gaur zure etxean geratu behar dut eta». 6  Berehala jaitsi zen eta poz-pozik hartu zuen bere etxean. 7  Hori ikustean, denak marmarka hasi ziren: «Gizon bekatari baten etxean geratzen ari da». 8  Baina Zakeo altxatu eta Jaunari esan zion: «Begira! Daukadanaren erdia, Jauna, pobreei emango diet, eta gezurra esanez jendeari lapurtu diodana, lau aldiz gehiago itzuliko diot». 9  Orduan, Jesusek esan zuen: «Gaur salbamena iritsi da etxe honetara, bera ere Abrahamen semea baita. 10  Zeren Gizonaren Semea galduta zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da». 11  Gauza hauek entzuten ari ziren bitartean, beste konparaketa bat jarri zien, zeren Jerusalemetik hurbil zegoen eta Jainkoaren Erreinua berehala agertuko zela pentsatzen zuten. 12  Horregatik, esan zuen: «Errege baten semeak urrutiko herrialde batera bidaiatu zuen errege izendatua izateko eta, gero, itzultzeko. 13  Atera baino lehen, bere morroietako hamarri deitu eta hamar mina* banatu zizkien, eta esan zien: “Negoziatu hauekin ni etorri arte”. 14  Baina bere herritarrek gorroto zioten eta enbaxadore talde bat bidali zuten bere atzetik, esatera: “Ez dugu gizon hau gure errege izaterik nahi”. 15  «Azkenean, errege izendatua izan ondoren itzuli zenean, bere eskutik dirua* jaso zuten morroiak bildu zituen, negoziotan zenbat irabazi zuten jakiteko. 16  Lehenengoa hurbildu eta esan zuen: “Jauna, zure minak hamar mina eman ditu”. 17  Esan zion: “Oso ondo, morroi ona! Oso gauza txikian leiala zarela erakutsi duzunez, hamar hiriren agintea izango duzu”. 18  Bigarrena hurbildu zen, esanez: “Zure minak, Jauna, bost mina eman ditu”. 19  Honi ere esan zion: “Zuk bost hiriren ardura izango duzu”. 20  Baina beste bat etorri eta esan zion: “Jauna, hemen dago zure mina, zapi batean ezkutatuta izan dut. 21  Zera… zure beldur nintzen, gizon zorrotza zarelako; bankuan gorde ez duzuna hartzen duzu eta erein ez duzuna biltzen duzu”. 22  Esan zion: “Zure hitzengatik epaitzen zaitut, morroi gaiztoa. Bazenekien gizon zorrotza naizela, bankuan gorde ez nuena hartzen dudala, eta erein ez nuena biltzen dudala, ezta? 23  Orduan, zergatik ez zenuen bankuan sartu nire dirua*? Horrela, etortzean, interesekin batera berreskuratuko nuen”. 24  «Gero, han zeudenei esan zien: “Kendu horri mina, eta eman hamar mina dituenari”. 25  Baina esan zioten: “Jauna, berak dagoeneko hamar ditu!”. 26  Erregeak erantzun zien: “Nik esaten dizuet: daukanari gehiago emango zaio, baina ez daukanari, daukan gutxia ere kenduko zaio. 27  Gainera, ekarri ni errege izatea nahi ez zuten etsai horiek eta exekutatu hemen, nire aurrean”». 28  Hau esan ondoren, Jerusalemera bidean gora jarraitu zuen. 29  Eta Oliamendin dauden Betfage eta Betaniara hurbiltzen ari zela, Jesusek bi dizipulu bidali zituen, 30  esanez: «Joan han ikusten duzuen herrira eta, sartu ondoren, astotxo bat aurkituko duzue lotuta, gainean sekula inor eseri ez zaiona. Askatu eta ekarri hona. 31  Baina norbaitek galdetzen badizue: “Zertan ari zarete astotxoa askatzen?”, erantzun: “Jaunak behar du”». 32  Orduan, bidalitako dizipuluak joan ziren eta astotxoa Jesusek esan bezalaxe aurkitu zuten. 33  Askatzen ari zirenean, jabeek galdetu zieten: «Zertan ari zarete astotxoa askatzen?». 34  Erantzun zuten: «Jaunak behar du». 35  Eta Jesusi eraman zioten eta, beraien mantuak astotxoaren bizkarrean jarri ondoren, Jesus gainean eseri zuten. 36  Jesusek aurrera egin ahala, jendeak mantuak zabaltzen zituen bidean. 37  Oliamenditik jaisten den bidera hurbildu bezain laster, dizipulu talde osoa poz-pozik jarri eta ahots ozenez Jainkoa goresten hasi zen ikusitako mirari guztiengatik. 38  Esaten zuten: «Bedeinkatua Jehobaren* izenean Errege bezala datorrena! Bakea zeruan eta aintza goi-goian!». 39  Baina jendetzaren artean zeuden fariseu batzuek esan zioten: «Maisu, egin errieta* zure dizipuluei». 40  Jesusek erantzun zien: «Nik esaten dizuet: hauek isilduko balira, harriek egingo lukete oihu». 41  Jerusalemera hurbildu zenean, hiria ikusi eta negar egin zuen berarengatik, 42  esanez: «Zuk, zuk zeuk, egun honetan bakearekin zerikusia duten gauzak sumatu izan bazenitu… Baina, orain, zure begietatik ezkutatuak izan dira. 43  Zeren zure etsaiek zure inguruan estaka puntadunez egindako hesia eraikiko duten eguna iritsiko da. Alde guztietatik inguratu eta setiatuko zaituzte. 44  Lurrera botako zaituzte eta zure biztanleak* suntsituko dituzte, eta ez dute harririk harri gainean utziko, ez zenuelako sumatu aztertua izaten ari zinen garaia». 45  Orduan, Jesus tenpluan sartu zen eta bertan saltzen zebiltzanak bota zituen, 46  esanez: «Idatzita dago: “Nire etxea otoitz etxe izango da”. Baina, zuek, lapurren kobazulo bihurtu duzue». 47  Jesusek egunero tenpluan irakasten jarraitu zuen, baina apaizburuak, lege maisuak eta herriko pertsona inportanteak bera hil nahian zebiltzan. 48  Baina ez zuten hori egiteko modurik aurkitzen, herri osoa beti bere inguruan zegoelako adi-adi entzuten.

Oharra

Edo «sikomoro».
Mina greko batek 340 g pisatzen zituen, eta 100 drakma balio zituen.
Lit. «zilarra».
Lit. «zilarra».
Edo «agiraka».
Lit. «semeak».