Joan 14:1-31

  • Jesus, Aitarengana iristeko bide bakarra (1-14)

    • «Neu naiz bidea, egia eta bizia» (6)

  • Jesusek espiritu santua promestu (15-31)

    • «Aita ni baino handiagoa» (28)

14  «Ez dadila zuen bihotza larritu. Erakutsi fedea Jainkoarengan eta erakutsi fedea nigan ere. 2  Nire Aitaren etxean bizitzeko toki asko daude. Horrela izango ez balitz, esango nizueke. Ni zuentzako tokia prestatzera noa. 3  Gainera, joaten naizenean eta zuentzako toki bat prestatzen dudanean, berriro etorriko naiz eta etxean hartuko zaituztet, nire ondoan, ni nagoen tokian zuek ere egoteko. 4  Eta zuek badakizue ni noan tokira joateko bidea». 5  Tomasek esan zion: «Jauna, ez dakigu nora zoazen. Nola jakingo dugu bidea?». 6  Jesusek erantzun zion: «Neu naiz bidea, egia eta bizia. Inor ezin da Aitarengana iritsi nire bidez ez bada. 7  Ni ezagutzen banauzue, nire Aita ere ezagutuko duzue. Hemendik aurrera, ezagutzen duzue eta ikusi duzue». 8  Felipek esan zion: «Jauna, erakutsiguzu Aita, eta guretzat nahikoa izango da». 9  Jesusek erantzun zion: «Felipe, zuekin hainbeste denbora egon ondoren, oraindik ez nauzu ezagutzen? Ni ikusi nauenak Aita ere ikusi du. Nolatan esaten didazu “erakutsiguzu Aita”? 10  Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin bat eginda dagoela? Esaten ditudan gauzak ez dira nire ideiak, baizik eta nirekin bat eginda segitzen duen Aita bere ekintzak egiten ari da. 11  Sinetsi ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin bat eginda dagoela esaten dizuedanean; eta bestela, sinetsi ekintzengatik. 12  Bene-benetan esaten dizuet: nigan fedea erakusten duenak nik egiten ditudan ekintzak ere egingo ditu, eta hauek baino ekintza handiagoak egingo ditu, zeren ni Aitarengana noa. 13  Gainera, nire izenean eskatzen duzuen guztia egingo dut, Aitak, Semearen bidez, aintza jaso dezan. 14  Nire izenean zerbait eskatzen baduzue, egingo dut. 15  «Maite banauzue, nire aginduak obedituko dituzue. 16  Eta nik Aitari eskatuko diot eta berak beste laguntzaile* bat emango dizue, betirako zuekin egongo dena: 17  egiaren espiritua, munduak jaso ezin duena ez duelako ikusten, ezta ezagutzen ere. Zuek espiritua ezagutzen duzue, zuengan dagoelako eta zuekin geratzen delako. 18  Ez zaituztet bakarrik* utziko. Zuengana itzuliko naiz. 19  Hemendik gutxira, munduak ez nau gehiago ikusiko, baina zuek ikusiko nauzue, ni bizi naizelako eta zuek biziko zaretelako. 20  Egun horretan jakingo duzue ni nire Aitarekin bat eginda nagoela, eta zuek nirekin bat eginda zaudetela, eta ni zuekin bat eginda nagoela. 21  Nire aginduak onartu eta obeditzen dituena, horixe da maite nauena. Eta maite nauena, berriz, nire Aitak maitatuko du, eta nik maitatuko dut eta neure burua argi eta garbi erakutsiko diot berari». 22  Judasek —Iskariotek ez, besteak— esan zion: «Jauna, zer gertatu da? Zergatik erakutsiko diguzu zeure burua argi eta garbi guri, eta ez munduari?». 23  Jesusek erantzun zion: «Norbaitek maite banau, nire hitzak obedituko ditu, eta nire Aitak maitatuko du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarekin biziko gara. 24  Maite ez nauenak ez ditu nire hitzak obeditzen. Entzuten dituzuen hitzak ez dira nireak, bidali nauen Aitarenak baizik. 25  «Gauza guzti hauek esan dizkizuet zuekin nagoen bitartean. 26  Baina laguntzaileak, espiritu santuak —Aitak nire izenean bidaliko duenak—, gauza guztiak irakatsiko dizkizue, eta nik esandako gauza guztiak gogora ekarriko dizkizue. 27  Bakea uzten dizuet; nire bakea ematen dizuet. Ez dizuet munduak ematen duen moduan ematen. Zuen bihotza ez dadila larritu, ezta beldurtu ere. 28  Entzun duzue “banoa eta zuengana itzuliko naiz” esan dizuedala. Maite banauzue, pozik egongo zarete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiagoa baita. 29  Gertatu baino lehen esan dizuet hau, gertatzen denean sinetsi dezazuen. 30  Ez dut zuekin askoz gehiago hitz egingo, zeren munduaren agintaria dator, eta honek ez du nire gain inolako botererik*. 31  Baina munduak Aita maite dudala jakin dezan, Aitak agindu didan bezalaxe egiten dut. Jaiki, goazen hemendik.

Oharra

Edo «kontsolatzaile».
Edo «umezurtz bezala».
Edo «kontrolik».