BIBLIAK BIZIAK ALDATZEN DITU
Orain ez dut mundua aldatzeko beharrik sentitzen
JAIOTZE-URTEA: 1966
JATORRIZKO HERRIALDEA: FINLANDIA
HISTORIA: ESKUBIDEEN ALDEKO AKTIBISTA
NIRE IRAGANA:
Haurra nintzenetik natura maitatzen dut. Haurtzaroan, Finlandia erdian, Jyväskylä hirian, bizi nintzen. Askotan, nire familiarekin hiria inguratzen duten baso eta laku ederretatik paseatzera joaten nintzen. Animaliak ere izugarri gustatzen zaizkit! Garai hartan ikusten nituen katu eta txakur guztiak besarkatu nahi nituen. Hazten nindoan heinean, animaliek etengabe tratu txarrak jasaten zituztela jakiteak, nahigabetzen ninduen. Denborarekin, animalien eskubideen aldeko erakunde batekin elkartu nintzen. Bertan, nire antzeko ideiak zituzten pertsonak ezagutu nituen.
Behin eta berriz, animalien eskubideen aldeko kanpainak egiten genituen. Larru-denden eta animaliekin esperimentatzen zuten laborategien aurkako informazioa zabaltzen eta manifestaldiak antolatzen genituen. Azkenik, animaliak babesteko erakunde bat sortu genuen. Gure ideien aldeko ekintza erradikalek, autoritatearekin arazoak sortzen zizkiguten. Behin baino gehiagotan atxilotu eta epaitu ninduten.
Animaliekin egiten nuen lanez gain, munduko beste arazoek ere kezkatzen ninduten. Horregatik, beste hainbat erakunderekin elkartu nintzen; esaterako, Amnistia Internazionala eta Greenpeace-rekin. Jo eta su aritu nintzen hauen alde. Beharrean zeudenen eskubideen alde borrokatzen nuen; adibidez, pobre eta gose zirenen alde.
Pixkanaka konturatu nintzen ezin nuela mundua aldatu. Nahiz eta erakunde hauek arazo txiki batzuk konpontzea lortu, arazorik handienek okerrerantz egiten zuten. Bazirudien gaiztakeriak mundu osoa irentsi zuela eta inori ez zitzaiola ezer axola. Borrokatzeko indarra galdu nuen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Etsipenaren ondorioz, nahigabeturik nengoen. Horregatik, Jainkoarengan eta Biblian hausnartzen hasi nintzen. Lehenago, Jehobaren lekukoekin Biblia aztertu nuen. Niganako interesa eskertzen nien arren, une hartan ez nengoen nire bizimodua aldatzeko prest. Baina oraingoan, egoera desberdina zen.
Biblia irakurtzen hasi nintzen eta bertan irakurritakoa oso kontsolagarria izan zen. Animaliak ondo zaindu behar ditugula irakasten duten pasarte asko irakurri nituen. Adibidez, Esaera Zaharrak 12:10ak dio: «Zintzoak ez ditu ahazten abereen beharrak». Jainkoa ez dela munduko arazoen erruduna ulertu nuen ere. Kontrara, gure arazoak okerrerantz doaz jenderik gehienak ez duelako bere gida jarraitzen. Jainkoaren maitasunak eta pazientzia handiak, bihotza hunkitu zidaten (103. Salmoa 8-14).
Garai hartan, Zer da Bibliak benetan irakasten duena? liburuaren kupoi bat aurkitu eta bidali nuen. Handik gutxira, Lekukoen bikote bat bisitan etorri eta biblia-ikastaro bat eskaini zidaten. Berehala onartu nuen. Gainera, euren bilera-aretoan ospatzen dituzten bileretara joaten hasi nintzen. Ondorioz, Biblian ikasitakoa maitatzen hasi nintzen.
Bibliari esker, aldaketa asko egitea lortu nuen. Erretzeari eta gehiegi edateari utzi nion. Neure itxura eta hitzegiteko modua txukundu nituen. Eta agintariei buruz nuen ikuspuntua egokitu nuen (Erromatarrei 13:1). Gainera, nire bizimodu moralgabea baztertu nuen. Izan ere, gai honi buruz oso ikuspuntu liberala neukan.
Baina zailena, eskubideen aldeko erakundeei buruzko ikuspuntu egokia edukitzea izan zen. Aldaketa hau ez zen egun batetik bestera gertatu. Hasieran, erakunde hauek utziz gero, traizionatuko nituela iruditzen zitzaidan. Baina, gizakientzako esperantza bakarra Jainkoaren Erreinua dela konturatu nintzen. Ondorioz, Erreinuaren alde jartzea erabaki nuen eta honen berri onak zabaltzeari, gogo handiz ekin nion (Mateo 6:33).
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Aktibista nintzenean, jendea bi taldeetan banatzen nuen: onak eta gaiztoak. Eta beti prest nengoen gaiztoen aurka jokatzeko. Baina, Bibliari esker, sentitzen nuen gorrotoa baztertu dut. Horren ordez, pertsona guztiak maitatzen saiatzen naiz (Mateo 5:44). Maitasun hori zenbait modutan erakusten dut. Esaterako, Jainkoaren Erreinuaren berri onak predikatzen ditut. Asko pozten nau eginkizun honen emaitza onak ikusteak: Bakea eta zoriontasuna zabaltzen ditu eta jendeari benetako esperantza ematen dio.
Arazoak Jehobaren eskuetan uzteak, bakea lortzen lagundu dit. Ziur naiz Sortzaileak animaliek eta gizakiek sufritzen dituzten tratu txarrak desagerraraziko dituela. Gainera, ez du utziko gure planeta ederra guztiz hondatua izan dadin. Kontrara, bere Erreinuari esker, sortutako kalte guztiak laster konponduko ditu (Isaias 11:1-9). Zoriontsu naiz egia hauek ezagutzen ditudalako eta besteei hauetan fedea jartzen laguntzen diedalako. Orain ez dut mundua aldatzeko beharrik sentitzen.