Eden gizadiaren sorlekua izan al zen?
Eden gizadiaren sorlekua izan al zen?
IMAGINA ezazu lorategi handi eta zoragarri batean zaudela, hiri zaratatsutik urrun. Ez du ezerk bertako bakea hausten. Eta hobea dena, ez duzu inongo kezkarik eta sendo eta osasuntsu zaude. Inguruan ikusten duzun edertasunak liluratu egiten zaitu zure zentzumen guztien gozamenerako.
Loreen petalo koloretsuak, errekako ur gardena eta eguzki-izpiek urrez janzten dituzten landareak ikusten dituzu. Haize freskoa sentitzen duzu azalean eta honek dakarren lurrin gozoa usaintzen duzu. Hostoen joan-etorria, uraren zipriztinak, txorien kantak eta intsektuen burrunba entzuten duzu. Nori ez litzaioke horrelako leku batean egotea gustatuko?
Mundu osoko jende askok uste du gizadiaren hasiera horrelako leku batean izan zela. Juduek, kristauek eta musulmanek aspalditik sinesten dute Jainkoak Adam eta Eba Edengo lorategian jarri zituela. Bibliaren arabera, bizitza zoriontsu eta lasaia zuten han. Elkarren artean eta animaliekin bakean bizi ziren. Eta paradisu zoragarri hartan betiko bizitzeko aukera eman zien Jainko eskuzabalarekin harreman estuaz gozatzen zuten (Hasiera 2:15-24).
Hinduek ere iraganean paradisu bat egon zela sinesten dute. Budistek, bestalde, beraien buru espiritualak, hau da, budak, lurra paradisu den historiako urrezko garaietan agertzen direla uste dute. Eta Afrikako erlijio askok Adam eta Ebaren pasartearekin antzekotasun asko dituzten istorioak irakasten dituzte.
Ia erlijio eta kultura guztietan dago jatorrizko paradisu baten sinesmena. Honakoa idatzi zuen Jean Delumeau historialari ospetsuak: «Zibilizazio askok sinetsi zuten oinarrizko paradisu batean. Paradisu hartan perfekzioa, askatasuna, bakea, zoriontasuna eta oparotasuna zegoen. Gainera, ez zen biolentziarik, tentsiorik, ezta gatazkarik ere. […] Hortik sortzen da taldeko kontzientzian, galdutako, baina inoiz ahaztu gabeko paradisuaren nostalgia, baita berreskuratzeko nahia ere».
Posible ote da kultura desberdinetan paradisuari buruzko antzeko istorioak izatearen arrazoia, Edengo lorategia eta Adam eta Eba benetan existitu zirela izatea?
Gaur egun jende askok ideia hori barregarria dela uste du eta ez du sinesten hau benetan gertatu zenik. Eta, harritzekoa badirudi ere, erlijioburu askok Edengo lorategia existitu zela ukatu egiten dute. Beraien arabera, irakaspenak ateratzeko balio duen istorio bat besterik ez da, parabola bat.
Noski, Biblian parabola asko daude; Jesusek berak kontatu zituen ezagunenak. Hala ere, Bibliak ez du kontatzen Edengo lorategiaren pasartea parabola moduan, baizik eta benetako historia bezala. Gainera, paradisuari buruz esaten duena inoiz gertatuko ez balitz, nola sinetsiko genuke Bibliak esaten duen beste guztia? Ikus dezagun zergatik ez duten batzuek sinesten Edengo lorategian. Gero, pasarte hau gutako bakoitzarentzat zergatik den garrantzitsua ikusiko dugu.