Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

49. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Erantzungo ote ditu Jehobak nire otoitzak?

Erantzungo ote ditu Jehobak nire otoitzak?

«Entzungo dizuet niri dei egitera eta otoitz egitera etorriko zaretenean» (JR 29:12).

sjj 41. KANTA Entzun, mesedez, nire otoitza

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Zergatik sentitu dezakegu agian Jehobak ez dituela gure otoitzak erantzuten?

 «IZAN bedi Jauna zure atsegina, eta berak emango dizu bihotzak eskatzen dizuna» (Sal 37:4). Zelako promes paregabea! Baina espero beharko al genuke Jehobak segituan ematea eskatzen dugun guztia? Zergatik pentsatu dezakegu horrela? Azter ditzagun hurrengo egoerak. Arreba ezkongabe batek otoitz egiten dio Jehobari Erreinuaren Berriemaileen Eskolara joateko eskatuz. Baina urteak aurrera doaz, eta oraindik ez du gonbidapenik jaso. Gaixotasun larri bat duen anaia gazte batek Jehobari sendatzeko eskatzen dio kongregazioan gehiago egin ahal izateko. Baina bere osasunak ez du hobera egiten. Kristau guraso batzuek beraien seme edo alabak egian jarraitzeko eskatzen dute otoitzean. Baina semeak edo alabak Jehoba ez zerbitzatzea erabakitzen du.

2 Agian zuk ere Jehobari zerbait eskatu diozu otoitzean, baina ez duzu eskatutakoa jaso. Ondorioz, Jehobak besteen otoitzak erantzuten dituela, eta ez zureak, pentsatu dezakezu. Edo, beharbada, gaizki dagoen zerbait egin duzula uste duzu. Janice b izeneko arreba bat horrela sentitu zen. Berak eta bere senarrak Jehobari otoitz egin zioten Betelen zerbitzatzeko gogo handia zutelako. Janicek dio: «Ziur nengoen Betelen zerbitzatzeko gonbidapena ti-ta batean jasoko genuela». Baina hilabeteak eta urteak pasa ziren eta bikote honek ez zuen gonbidapenik jaso. Janicek onartzen du: «Triste eta nahastuta sentitu nintzen. Jehoba dezepzionatu ote nuen galdetzen nion neure buruari. Askotan egin nuen otoitz Betelera joatearen inguruan. Zergatik ez zuen nire otoitza erantzun?».

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Batzuetan, Jehobak gure otoitzak entzungo ote dituen galdetu ahal diogu geure buruari. Iraganeko Jehobaren zerbitzari leial batzuek kezka bera izan zuten (Jb 30:20; Sal 22:3 [22:2, NWT]; Hab 1:2). Zerk konbentzitu ahal gaitu Jehobak gure otoitzak erantzungo dituela? (Sal 65:3 [65:2, NWT]). Galdera hau erantzuteko, azter ditzagun lehenik hurrengo galderak: 1) Zer espero dezakegu Jehobarengandik? 2) Zer espero du Jehobak guregandik? 3) Zergatik egokitu beharko ditugu beharbada gure eskaera batzuk?

ZER ESPERO DEZAKEGU JEHOBARENGANDIK?

4.Jeremias 29:12​aren arabera, zer promesten du Jehobak egingo duela?

4 Jehobak gure otoitzak entzungo dituela promesten du (Irakurri Jeremias 29:12). Gure Jainkoak bere zerbitzari leialak maite dituenez, beraien otoitzak arretaz entzuten ditu beti (Sal 10:17; 37:28). Baina honek ez du esan nahi eskatzen dugun guztia emango digunik. Baliteke mundu berria heldu arte itxaron behar izatea eskatzen ditugun gauza horietako batzuk jasotzeko.

5. Zer hartzen du kontuan Jehobak gure otoitzak entzutean? Azaldu.

5 Jehobak bere helburua kontuan hartzen du gure otoitzak entzutean (Is 55:8, 9). Bere helburuaren barne, lurra bere agintaritzapean gizaki elkartu eta zoriontsuez betetzea dago. Baina Satanasek honakoa aldarrikatzen du: gizakiek beraien burua agintzen badute, zoriontsuagoak izango direla (Has 3:1-5). Deabruak esandakoa gezurra dela frogatzeko, Jehobak gizakiei beraien kabuz agintzen utzi die. Ondorioz, giza agintaritzak gaur egun ditugun arazo asko sortu ditu (Koh 8:9). Badakigu Jehobak ez dituela arazo hauek guztiak orain konponduko. Hau egingo balu, batzuek agian giza agintaritzak funtzionatzen duela, hau da, gizakia bere arazoak konpontzeko gai dela ondorioztatuko lukete.

6. Zergatik egon behar dugu ziur Jehobak modu maitekor eta justuan jokatuko duela beti?

6 Jehobak antzeko eskaerak modu desberdinetan erantzun ditzake. Behin, Ezekias erregea oso gaixo egon zen, eta Jehobari sendatzeko erregutu zionean, Jehobak osatu egin zuen (2 Erg 20:1-6). Bestalde, Paulo apostoluak «haragian sartutako ezten» bat izan zuen, seguruenik osasun arazo bat. Paulok ezten hau kentzeko erregutu arren, Jehobak ez zion bere arazoa konpondu (2 Ko 12:7-9). Azter dezagun ere Pedro eta Santiagoren kasua. Herodes erregeak biak hil nahi izan zituen. Ondorioz, kristauek Pedroren alde egin zuten otoitz, eta ziurrenik baita Santiagoren alde ere. Baina aingeru batek Pedro salbatu zuen; Santiagok, aldiz, bere bizia galdu zuen (Eg 12:1-11). Agian honetan pentsatzen ari gara: «Zergatik salbatu zuen Jehobak Pedro, eta ez Santiago?». Bibliak ez du honi buruz ezer esaten. c Baina ziur egon gaitezke Jehobak «bidegabekeriarik gabe» jokatzen duela beti (Dt 32:4). Eta badakigu bai Pedrok bai Santiagok Jehobaren onespena izan zutela (Ap 21:14). Batzuetan, beharbada, Jehobak ez ditu gure otoitzak espero genuen moduan erantzuten. Baina Jehobak gure otoitzak beti modu maitekor eta justuan erantzuten dituen ziurtasuna dugu. Beraz, ez dugu zalantzan jartzen Berak guri erantzuteko erabiltzen duen modua (Jb 33:13).

7. Zer saiatzen gara ez egiten, eta zergatik?

7 Gure egoera besteenarekin ez konparatzen saiatzen gara. Adibidez, agian Jehobari laguntza modu zehatzean eskatu diogu, baina ez dugu eskatutakoa jaso. Eta aldi berean, antzeko eskaera egin duen norbaitek, dirudienez, Jehobaren erantzuna jaso du. Anna izeneko arreba bati antzeko zerbait gertatu zitzaion. Bere senarra Matthewk minbizia zuen eta Jehobari bera sendatzeko eskatu zion. Aldi berean, minbizia zuten adineko bi arreba zeuden, eta Annak beraien alde ere sutsuki egin zuen otoitz. Bi arrebak sendatu egin ziren; Matthew, aldiz, hil egin zen. Hasiera batean, Annak bere buruari galdetzen zion Jehobak adineko bi arrebak sendatu ote zituen. Eta horrela izan bazen, zergatik ez zuen bere senarra sendatzeko otoitza ere erantzun? Noski, ez dakigu bi arreba hauek zergatik sendatu ziren. Baina badakiguna honakoa da: Jehobak sufrimendua erabat ezabatuko duela eta hil egin diren bere lagunak berpizteko irrikan dagoela (Jb 14:15).

8. a) Isaias 43:2​aren arabera, nola laguntzen digu Jehobak? b) Nola lagundu ahal digu otoitzak arazoak ditugunean? (Ikusi Otoitzak zailtasunei aurre egiten laguntzen digu bideoa)

8 Jehobak beti lagunduko digu. Jehoba gure Aita maitekorra denez, ez zaio batere gustatzen gu minez ikustea (Is 63:9, NWT). Hala ere, ez du ibaiak edo suak bezalakoak diren arazoak gertatzea saihesten (Irakurri Isaias 43:2). Gure arazoetatik «pasatze[n]» lagunduko digula promestu digu. Gainera, ez du arazo hauek gu betirako kaltetzen utziko. Ez hori bakarrik; Jehobak guri irauten laguntzeko, bere espiritu santu boteretsua ematen digu (Lk 11:13; Flp 4:13, NWT). Ondorioz, ziur egon gaitezke irauteko eta Jehobari leial mantentzeko beti izango dugula zehazki behar duguna. d

ZER ESPERO DU JEHOBAK GUREGANDIK?

9.Santiago 1:6, 7​aren arabera, zergatik egon behar dugu ziur Jehobak lagunduko gaituela?

9 Jehobak berarengan konfiantza izatea espero du (Heb 11:6). Batzuetan, gure zailtasunak gaindiezinak direla sentitu dezakegu. Jehobak lagunduko ote digun ere zalantzan jartzen hasi gaitezke. Baina Jainkoaren indarrarekin «harresiak» eskalatu ditzakegula ziurtatzen digu Bibliak (Sal 18:30 [18:29, NWT]). Beraz, gure zalantzen preso izan beharrean, fede biziz otoitz egin beharko genuke Jehobak gure otoitzak erantzungo dituen ziurtasuna izanez (Irakurri Santiago 1:6, 7).

10. Nola egin dezakegu bat gure otoitzekin? Jarri adibide bat.

10 Jehobak gure otoitzekin bat egitea espero du. Adibidez, anaia batek Jehobari lurralde biltzarrera joateko egun libreak lortzeko laguntza eskatu ahal dio. Nola erantzun dezake Jehobak otoitz hori? Anaiari bere nagusiarekin hitz egiteko ausardia eman ahal dio. Baina bere otoitzarekin bat egiteko, anaiak zerbait gehiago egin beharko du. Adibidez, nagusiarekin behin baino gehiagotan hitz egin beharko du beharbada, edo beste lankide bati lan-txanda aldatzea eskatu ahal dio. Eta beharrezkoa balitz, hartzen dituen egun libreak ordainduak ez izatea eskaini ahal dio nagusiari.

11. Zergatik egin beharko genuke otoitz etengabe gure kezkei buruz?

11 Jehobak gure kezkei buruz etengabe otoitz egitea espero du (1 Ts 5:17). Jesusen arabera, gure eskaera batzuk ez dira segituan beteko (Lk 11:9, NWT). Beraz, ez amorerik eman! Gogotsu eta etengabe otoitz egin (Lk 18:1-7). Gai zehatz bati buruz otoitz egiten jarraitzen dugunean, guretzat benetan garrantzitsua dela erakusten diogu Jehobari. Gainera, gu laguntzeko duen gaitasunean fedea dugula adierazten dugu.

ZERGATIK EGOKITU BEHARKO DITUGU BEHARBADA GURE ESKAERA BATZUK?

12. a) Zein da gure eskaerei buruz egin dezakegun galdera bat, eta zergatik egin beharko genuke galdera hau? b) Nola egon gaitezke ziur gure otoitzek Jehobari errespetua erakusten diotela? (Ikusi « Erakusten al dute nire eskaerek Jehoba errespetatzen dudala?» taula)

12 Otoitzean eskatutakoa jaso ez badugu, ondorengo hiru galdera hauek egin ahal dizkiogu geure buruari. Lehenik, «Egokia al da otoitzean eskatzen ari naizena?». Askotan, guretzat onena zer den dakigula uste dugu. Baina eskatu duguna, luzera begira, agian ez zaigu komeni. Arazo bati buruz otoitz egiten ari bagara, baliteke eskatzen ari garena baino hobea den konponbidea egotea. Bestalde, eskatzen ari garen gauzaren bat beharbada ez dator bat Jehobaren nahiarekin (1 Jn 5:14). Azter dezagun aurretik aipatutako guraso batzuen adibidea. Jehobari beraien seme edo alabak egian jarraitzeko eskatu diote otoitzean. Honek eskaera egokia dela dirudi. Hala ere, Jehobak ez du inor bera zerbitzatzera behartzen. Berak gu guztiok, gure seme-alabek barne, bera adoratzea aukeratzea nahi du (Dt 10:12, 13; 30:19, 20). Beraz, gurasoek beraien seme edo alabaren bihotza ukitzeko laguntza eskatu ahal diote Jehobari otoitzean, Bera maitatzeko eta bere laguna izateko desira izan dezan (Es 22:6; Ef 6:4).

13.Hebrearrei 4:16 (NWT) aipuaren arabera, noiz lagunduko digu Jehobak? Azaldu.

13 Bigarrenik, «Hau al da Jehobak nire eskaera betetzeko duen garaia?». Gure otoitzen erantzuna segituan jaso behar dugula pentsatu dezakegu agian. Baina, errealitatean, Jehobak badaki zein den laguntza emateko momenturik onena (Irakurri Hebrearrei 4:16, NWT e). Eskatu duguna segituan jasotzen ez dugunean, Jehoba «ez» esaten ari dela pentsatu dezakegu. Baina baliteke «oraindik ez» esaten aritzea. Gogoratu dezagun gaixorik dagoen anaia gaztearen adibidea. Berak sendatzeko eskatzen dio Jehobari. Baina Jehobak mirari baten bidez sendatuko balu, Satanasek honakoa esan ahalko luke: anaiak Jehoba zerbitzatzen jarraitzen duela sendatu egin duelako (Jb 1:9-11; 2:4). Gainera, Jehobak gaixotasun guztiak ezabatzeko garaia ezarri du dagoeneko (Is 33:24, NWT; Ap 21:3, 4). Bitartean, ezin dugu Jehobak mirari baten bidez gure gaixotasunak sendatzea espero. Beraz, anaia gazteak hau eskatu ahal dio Jehobari: bere gaixotasunaren aurrean irautea eta Bera leialki zerbitzatzen jarraitzeko indarra eta barne bakea ematea (Sal 29:11).

14. Zer ikasten dugu Janicen bizipenetik?

14 Gogoratu dezagun Janicen bizipena. Berak Betelen zerbitzatzeari buruz egiten zion otoitz Jehobari. Bost urte pasa ondoren, Jehobak bere otoitzak nola erantzun zituen ulertzera iritsi zen. Berak dio: «Jehobak denbora hau niri gauza asko irakasteko eta kristau hobea izaten laguntzeko erabili zuen. Jehobarengan nuen konfiantza sendotu behar nuen eta ikasketa pertsonalean nituen ohiturak hobetu behar nituen. Gainera, egoera edozein dela ere Jehoba pozik zerbitzatu dezakedala ikasi behar nuen». Beranduago, Janice eta bere senarrak eskualde lanean zerbitzatzeko gonbidapena jaso zuten. Atzera begira, honakoa dio: «Espero ez nuen erantzuna jaso arren, Jehobak nire otoitzak erantzun zituela onartu behar dut. Denbora behar izan nuen Jehobak eman zidan erantzuna opari eder bat zela konturatzeko. Jehoba Jainko maitekor eta goxoa dela ikusi nuen, eta oso eskertuta nago horregatik».

Jehobaren erantzunik jaso ez duzula sentitzen baduzu, agian beste gauza batzuengatik egin dezakezu otoitz (Ikusi 15. paragrafoa) g

15. Zergatik izan daiteke batzuetan ona otoitzetan hain zehatzak ez izatea? (Ikusi irudiak ere)

15 Hirugarrenik, «Zehatzegia izaten ari al naiz?». Ona da otoitz egiten dugunean zehatzak izatea. Baina batzuetan hobe izan daiteke hain zehatzak ez izatea Jehobak guretzat pentsatuta duena zer den jakin ahal izateko. Azter dezagun otoitzean Erreinuaren Berriemaileen Eskolara joateko eskatzen duen arreba ezkongabearen adibidea. Berak eskolara joan nahi du behar handiagoa dagoen toki batean zerbitzatu ahal izateko. Beraz, otoitzean eskolara joateko eskatzen jarraitzeaz gain, predikazioan gehiago egiteko beste aukera batzuk aurkitzeko laguntza eskatu dezake (Eg 16:9, 10). Ondoren, otoitzean eskatutakoarekin bat eginik, eskualde arduradunarekin hitz egin dezake inguruko kongregazioren batek aitzindarien behar handiagoa ote duen jakiteko. Edo sukurtsalera idatzi dezake berriemaile gehiagoren beharra duen tokiren bat ote dagoen galdetzeko. f

16. Zertaz egon gaitezke ziur?

16 Ikasi dugun bezala, ziur egon gaitezke Jehobak modu maitekor eta justuan erantzungo dituela gure otoitzak (Sal 4:4 [4:3, NWT]; Is 30:18, NWT). Baliteke batzuetan espero dugun erantzuna ez jasotzea. Baina Jehobak ez ditu gure otoitzak inoiz alde batera utziko. Asko maite gaituenez, ez gaitu sekula utziko (Sal 9:11 [9:10, NWT]). Beraz, «izan beti harengan konfiantza», gure bihotza otoitzean zabalduz (Sal 62:9 [62:8, NWT]).

sn 13. KANTA Eskerrak emateko otoitza

a Jehobak gure otoitzak beti modu maitekor eta justuan erantzuten ditu. Zergatik egon gaitezke honetaz ziur? Artikulu honetan galdera honen erantzuna aztertuko dugu.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.

c Ikusi «Konfiantza al duzu Jehobaren erabakietan?» artikulua, aldizkari honetako 2022​ko otsaileko alean, 3-6 para.

d Jehobak arazo larrien aurrean irauten nola laguntzen digun jakiteko, ikusi Otoitzak zailtasunei aurre egiten laguntzen digu bideoa, jw.org webgunean.

e Hebrearrei 4:16, NWT: «Hurbil gaitezen, orduan, konfiantza osoz merezigabeko onginahiaren tronura, errukia jasotzeko eta merezigabeko onginahia aurkitzeko une egokian laguntza izan dezagun».

g IRUDIAREN AZALPENA: Bi arreba otoitz egiten ari dira Erreinuaren Berriemaileen Eskolarako eskaera bete aurretik. Beranduago, batek gonbidapena jasotzen du; besteak, aldiz, ez. Gehiegi dezepzionatu beharrean, gonbidapenik jaso ez duen arrebak Jehobari otoitz egiten dio predikazioan gehiago egiteko beste aukera batzuk aurkitzeko laguntza eskatuz. Ondoren, sukurtsalera idazten du beharra dagoen toki batera joateko prest dagoela jakinaraziz.