Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Esan nahi al du 1 Korintoarrei 15:29⁠ak kristau batzuk hildakoengatik bataiatu zirela?

Ez Biblian, ezta historia-liburuetan ere, ez dugu hau egin zenik aurkitzen.

Biblia askotan bertset hau itzuli izan den moduarengatik, Pauloren garaian hildakoengatik bataioak egiten zirela uste dute batzuek. Adibidez: «Baina benetan hilak pizten ez badira, zertarako balio du hildakoengatik bataiatzeak?» (Elizen Arteko Biblia).

Hala ere, hara zer esaten duten bi biblia-adituk. Gregory Lockwood doktorearen arabera, bataioak «ordurako hilda zeudenengatik egiteak, ez du oraingoz historian edo Biblian parekotasunik». Modu berean, Gordon Donald Fee irakasleak idatzi zuen: «Horrelako bataioak ez dira historian edo Biblian aurkitzen. Itun Berrian ez da inoiz horrelakorik aipatzen. Beste kristau elizetan eta ondorengo mendeetan sortutako eliza ortodoxoetan horrelakorik egiten zenaren frogarik ez dago».

Jesusek bere jarraitzaileei honakoa egiteko agindu ziela esaten du Bibliak: «Egin herri guztiak nire ikasle, [...] bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz» (Mt 28:19, 20). Norbaitek bataiatu nahi bazuen, aurretik Jehoba eta bere Semeaz ikasi, beraiengan sinetsi eta beraien esana bete behar zuen. Hilobian hilda zegoen norbaitek ezingo zuen hori egin. Eta bizirik zegoen kristauak ere ezingo zituen hildakoaren ordez gauza guzti horiek egin (Koh 9:5, 10; Jn 4:1; 1 Ko 1:14-16).

Zer esan nahi zuen Paulok orduan?

Korintoar batzuek hildakoak ez zirela berpiztuko esaten zuten (1 Ko 15:12). Baina Paulok oker zeudela erakutsi zien. Nola? «Egunero heriotza gainean» zuela esan zien. Baina ziur zegoen hil ondoren, Jesus bezala, zeruan bizitzeko berpiztua izango zela (1 Ko 15:30-32, 42-44).

Korintoarrek honakoa ulertu behar zuten: zeruan berpiztuak izateko kristau gantzutuek egunero probei aurre egin eta hil egin beharko zutela. Beraz, «bataioaz Jesu Kristori lotuak» izatean, «haren heriotzari» ere lotuak zeuden (Erm 6:3). Zer esan nahi du honek? Zeruan berpiztuak izateko, Jesusek bezala, probak jasan eta hil egin beharko zutela.

Bataiatu eta bi urtera, honakoa esan zien Jesusek bere apostoluetako biri: «Nik bataiatua izan behar dudan bataioaz bataiatuak izanen zarete» (Mk 10:38, 39, ES). Jesus ez zen uretan bataiatzeari buruz hitz egiten ari, baizik heriotzan bataiatzeari buruz. Jainkoari leial izateak heriotzara eramango zuela esan nahi zuen. Bestalde, Paulok gantzutuei buruz honakoa idatzi zuen: «Nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara» (Erm 8:16, 17; 2 Ko 4:17). Beraz, beraiek ere hil egin beharko zuten zeruan berpiztuak izateko.

Hortaz, Pauloren adierazpena honela itzuli daiteke zehazki: «Horrela ez balitz, zer egingo dute pertsona hilak izateko helburuarekin bataiatu direnek? Hil direnak ez badira berpiztuak izango, zergatik bataiatzen dira helburu honekin?».