Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Nor da Jainkoaren Erreinuko Erregea?

Nor da Jainkoaren Erreinuko Erregea?

Jainkoak inspiratuta, hainbat Biblia idazlek Jainkoaren Erreinuko Erregea nor izango zen jakiten laguntzen diguten xehetasunak idatzi zituzten. Ikus ditzagun horietako batzuk:

  • Jainkoak aukeratua. «Nik neuk sagaratu dut erregea […]. Nazioak emango dizkizut ondare, lur osoaren jabe egingo zaitut» (2. Salmoa 6, 8).

  • Dabid erregearen ondorengoa. «Haur bat jaio zaigu, Jainkoak seme bat eman digu. […] Gero eta zabalagoa izango da haren agintaritza, azkengabea bakea. Daviden tronuan izango da errege, eta justizia eta zuzenbidea izango dira haren erregetzaren oinarri eta sostengu» (Isaias 9:5, 6 [9:6, 7, NWT]).

  • Belenen jaioa. «Zu, Belen […], zuregandik aterako da Israelen aginduko duena. […] Handi agertuko baita hura lurraren mugetaraino» (Mikeas 5:1, 3 [5:2, 4, NWT]).

  • Mespretxatua eta exekutatua. «Mespretxatu egin genuen, eta aintzakotzat hartu ez. […] Gure errebeldiengatik zulatu zuten, gure erruengatik birrindu» (Isaias 53:3, 5).

  • Berpiztua eta aintzaz beteriko postuan jarria. «Zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. […] Alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan» (16. Salmoa 10, 11).

Jesu Kristo Agintari ezin hobea

Giza historian zehar, pertsona bakar batek bete ditu xehetasun hauek guztiak: Jesu Kristok. Izan ere, aingeru batek honakoa esan zion Jesusen amari, Mariari: «Bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak, […] eta beraren erregetzak ez du azkenik izango» (Lukas 1:31-33).

Jesusek ez zuen inoiz lurrean agindu. Hala ere, gizadia zerutik aginduko du Jainkoaren Erreinuko Errege bezala. Zergatik izango da Agintari ezin hobea? Aztertu dezagun lurrean egon zenean Jesusek egin zuena.

  • Jesus jendeaz arduratu zen. Jesusek mota guztietako jendeari lagundu zion: gizon, emakume, gazte, adineko, aberats eta behartsuei (Mateo 9:36; Markos 10:16). Behin, legendun batek honakoa erregutu zion: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Eta errukiturik Jesusek sendatu egin zuen (Markos 1:40-42).

  • Jesusek Jainkoa pozten irakatsi zigun. Berak honakoa esan zuen: «Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan». Gainera, besteek guri egitea nahi genukeen guztia guk ere beraiei egiteko esan zuen. Printzipio honi Urrezko Araua deitzen zaio. Bestalde, Jainkoa, egiten dugunaz gain, pentsatzen eta sentitzen dugunaz arduratzen dela erakutsi zuen Jesusek. Beraz, Jainkoa pozteko gure sentimendu sakonenak ere kontrolpean izan behar ditugu (Mateo 5:28; 6:24; 7:12). Jesusek honakoa azpimarratu zuen: benetan zoriontsuak izateko, Jainkoak guk egitea nahi duena jakin eta egin behar dugula (Lukas 11:28).

  • Jesusek besteak maitatzen irakatsi zigun. Jesusek esan eta egiten zuena jendearen bihotzera iristen zen. «Haren irakaspenez txunditurik gelditu zen jende guztia; nagusitasunez irakasten baitzien» (Mateo 7:28, 29). Adibidez, honakoa esan zien: «Maitatu etsaiak». Eta Jesusek berak bere heriotzaren erantzule ziren batzuen alde otoitz egin zuen: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren» (Mateo 5:44; Lukas 23:34).

Jesus Agintari ezin hobea da gizadiarentzat maite gaituelako eta gutaz arduratzen delako. Baina noiz aginduko du lurra?