Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Noiz aginduko du lurra Jainkoaren Erreinuak?

Noiz aginduko du lurra Jainkoaren Erreinuak?

Jesusen jarraitzaile leial batzuek Jainkoaren Erreinua agintzen noiz hasiko zen jakin nahi zuten. Jesusek data zehatza jakitea ez zegoela euren esku erantzun zien (Eginak 1:6, 7). Baina Jainkoaren Erreinua hurbil zegoela eta honek lurra agintzeko garaia iritsi zela jakiteko, Jesusek gertakizun zehatz batzuk denak batera gertatzen ikusi beharko zituztela esanda zien bere jarraitzaileei (Lukas 21:31).

ZER GERTAKIZUN AIPATU ZITUEN JESUSEK?

Jesusek honakoa esan zuen: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen» (Lukas 21:10, 11). Hatz mamietako marrek hatz marka osatzen duten bezala, gertakari hauek guztiek batera seinale argi bat osatzen dute. Eta hatz marka batek pertsona bat nor den argi uzten duen bezala, gertaera hauek guztiak aldi berean gertatzeak Jainkoaren Erreinua hurbil dela argi uzten du. Pasatu al dira gertaera hauek guztiak aldi berean? Gertatzen ari al dira hauek guztiak mundu mailan? Ikus dezagun.

1. GERRAK

1914​an, momentura arte gertatutako gerrarik okerrenak eztanda egin zuen! Historialariek, askotan, 1914. urtea giza historia aldatu zuen urtea izan zela esaten dute. Izan ere, urte horretan, lehen aldiz mundu osoari eragin zion gerra hasi zen. Gerra horretan tankeak, aire bonbak, metrailadoreak, gas toxikoa eta beste arma hilgarri batzuk inoiz baino gehiago erabili ziren. Ondoren, Bigarren Mundu Gerran, bonba atomikoak asmatu eta lehen aldiz erabili ziren. 1914​tik aurrera gizakia gerran aritu da han eta hemen eta hauetan milioika lagun hil dira.

2. LURRIKARAK

Britannica Academic entziklopediaren arabera, urtero «kalte handiak» eragiteko moduko 100 lurrikara inguru gertatzen dira. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren txosten batek honakoa dio: «1900. urtetik aurrera ditugun erregistroak kontuan hartuta, eskala handiko 16 lurrikara inguru espero izaten ditugu urtero». Batzuen ustez, orain ez daude lehen baino lurrikara gehiago, baizik eta lurrikarak antzemateko metodo hobeak. Baina, gauza da, inoiz ez dela lurrikarek eragindako hainbeste sufrimendu eta heriotzarik egon.

3. GOSETEAK

Munduan zehar goseteak egotearen zergatia gerrak, ustelkeria, arazo ekonomiko larriak, nekazaritzaren kudeaketa txarra eta muturreko eguraldiaren aurrean antolakuntza kaskarra dira. Elikagaien Mundu Programaren txosten batek honakoa dio: «Munduan zehar, 821 milioi pertsonak gosea pasatzen du eta horietatik 124 milioi larriki gose dira» (2018 year in review). Desnutrizioak, neurri batean, urtero 3,1 milioi haurren heriotza eragiten du. 2011​n munduan zehar hil ziren haurren % 45 inguru, arrazoi horrengatik hil zen.

4. GAIXOTASUN ETA EPIDEMIAK

Munduko Osasun Erakundearen txosten batek honakoa dio: «XXI. mendea dagoeneko epidemia handiengatik nabarmendu da. Iraganeko gaixotasunak, esaterako, kolera, izurria eta sukar horia bueltatu dira, eta berri batzuk agertu dira, besteak beste, arnas sindrome akutu larria (SARS), gripe pandemikoa, Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS), ebola eta zika». COVID-19 pandemia izan da azkenekoa. Nahiz eta zientzialariek eta medikuek gaixotasunei buruz asko ikasi duten, ezin izan dute gaixotasun guztientzako sendabiderik aurkitu.

5. MUNDU MAILAKO PREDIKAZIOA

Jesusek seinalearen beste alderdi bat aipatu zuen ondorengoa aurresatean: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten. Orduan etorriko da azkena» (Mateo 24:14). Mundua arazo latzak jasaten ari den bitartean, nazio guztietako zortzi milioi lagun baino gehiago Jainkoaren Erreinuaren berri onak zabaltzen ari dira 240 lurraldetan eta 1.000 hizkuntza baino gehiagotan. Inoiz ez da horrelakorik ikusi giza historian.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA SEINALE HAU GURETZAT?

Jesusek bere seinalean aipatu zituen gertakari guztiak gaur egun ikusten ditugu. Zergatik da hau garrantzitsua guretzat? Jesusek honakoa esan zuelako: «Gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela Jainkoaren erregetza» (Lukas 21:31).

Laster, Erreinuak Jainkoaren nahia lurrean betetzea lortuko du

Jesusek eman zuen seinaleak, Bibliako kronologiarekin batera, Jainkoak bere Erreinua 1914. urtean zeruan ezarri zuela ulertzen laguntzen digu. a Urte horretan, Jesu Kristo bere Semea Errege egin zuen (2. Salmoa 2, 4, 6-9). Laster, Jainkoaren Erreinuak lurra aginduko du, beste gobernu guztiak kenduko ditu eta lurra paradisu bihurtuko du bertan gizakiak betirako bizitzeko.

Hemendik gutxira, Jesusek irakatsi zuen otoitz ereduko hitzak beteko dira: «Etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala» (Mateo 6:10). Baina zer egiten aritu da Erreinua 1914​an ezarria izan zenetik? Eta zer egingo du gizadia agintzen duenean?

a 1914. urteari buruzko xehetasun gehiago jakiteko, Jehobaren lekukoek argitaratutako Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 32. ikasgaia ikusi.