Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zure etorkizuna zure esku dago!

Zure etorkizuna zure esku dago!

BENETAN AL DAGO ZURE ETORKIZUNA ZURE ESKU? Batzuek euren bizitza Jainkoak predestinatu duela edo nolabait idatzita dagoela sinesten dute. Beraz, helbururen bat lortzen ez dutenean, etsita esaten dute: «Horrela izan behar zuen».

Beste batzuk mundu honetako injustizia eta zapalkuntza aldatzerik ez dagoela ikustean, desanimatu egiten dira. Agian bizitza hobea izaten saiatzen dira, baina gerrek, delituek, gaixotasunek edo hondamendi naturalek beraien ahaleginak zapuzten dituzte. Azkenean, borroka egiteak ez duela merezi ondorioztatzen dute.

Egia da bizitzan ditugun egoerek gure egitasmoetan eragina izan dezaketela (Kohelet 9:11). Hala ere, denok erabaki dezakegu zein izango den gure etorkizuna. Izan ere, Bibliak gure eskutan dagoela dio. Azter dezagun zer esaten duen honi buruz.

Antzinako Israelgo nazioa promestutako lurraldera sartzear zegoenean, Jainkoak honakoa esan zion Moisesen bitartez: «Bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak. Horretarako, maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa, obeditu eta bizi berari atxikiak» (Deuteronomioa 30:15, 19, 20).

«Bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia». (Deuteronomioa 30:19)

Hala da, Jainkoak israeldarrak Egiptoko esklabotzatik askatu zituen eta promestutako lurraldean aske eta pozik bizitzeko aukera eman zien. Baina bedeinkapen horiek ez zitzaizkien besterik gabe etorriko. Horiek lortzeko bizia aukeratu behar zuten. Nola? Jainkoa maitatuz, obedituz eta berari atxikiak biziz.

Zuk ere antzeko erabaki bat hartu behar duzu eta erabakitzen duzun horrek zure etorkizuna zehaztuko du. Jainkoa maitatzea, obeditzea eta berari atxikita bizitzea aukeratzen baduzu, bizia aukeratzen ariko zara, hau da, lurreko paradisuan betirako bizitzea. Sakondu dezagun pauso hauetako bakoitzean.

JAINKOA MAITATU

Maitasuna Jainkoaren ezaugarri nagusia da. Joan apostoluak, Jainkoak inspiratuta, honakoa idatzi zuen: «Jainkoa maitasuna baita» (1 Joan 4:8). Horregatik, agindurik garrantzitsuena zein zen galdetu ziotenean, Jesusek hurrengoa erantzun zuen: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz» (Mateo 22:37). Beraz, Jainkoarekin dugun benetako adiskidetasunak ez du beldurrean edo obedientzia itsuan oinarrituta egon behar, maitasunean baizik. Baina, zergatik aukeratu beharko genuke bera maitatzea?

Jehobak gizadiari dion maitasuna gurasoek euren haurrei dieten maitasuna bezalakoa da. Inperfektuak izan arren, guraso maitekorrek euren seme-alabak hezi, animatu, lagundu eta diziplinatu egiten dituzte, hauek zoriontsuak izatea eta bizitzan aurrera egitea nahi dutelako. Eta, zer espero dute gurasoek? Euren seme-alabek maitatzea eta beraien onerako irakatsi dietena obeditzea. Ez al da arrazoitsua perfektua den gure zeruko Aitak ere gauza bera espero izatea, hau da, guk bera maitatzea eta gugatik egin duen guztia eskertzea?

BERA OBEDITU

Jainkoa obeditzeko berak esaten duena ezagutu behar dugu. Baina nola jakin dezakegu Jainkoak zer esaten digun? Bere Hitza, Biblia, irakurriz. Irakurtzen dugun hori gure bizitzan praktikan jartzen badugu, bere esana obedituko dugu (1 Joan 5:3).

Jainkoaren esana obeditzearen garrantzia erakusteko, behin Jesusek honakoa esan zuen: «Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da» (Mateo 4:4). Bizitzeko, behar-beharrezkoa dugu elikatzea. Baina are garrantzitsuagoa da Jainkoaren ezagutza izatea. Zergatik? Salomon errege jakintsuak honela azaldu zuen: «Zuhurtziaren itzala aberastasunaren itzala adinakoa da; baina zuhurtzia hobea, biziarazi egiten baitu bere jabea» (Kohelet 7:12). Jainkoarengandik datozen zuhurtziak eta ezagutzak orain babesten gaituzte eta bide zuzena hartzen laguntzen digute: betirako bizira daraman bidea.

BERARI ATXIKIAK BIZI

Aurreko artikuluan aipatutako Jesusen adibideak honakoa zioen besteak beste: «Bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak» (Mateo 7:13, 14). Bide horrek betirako bizira darama. Ez al genuke eskertuko gidari trebe batek bide horretan guri laguntzea? Horregatik egon behar dugu Jainkoaren ondoan, berari atxikita (16. Salmoa 8). Nola lortu dezakegu hori egitea?

Egunero gauza asko egin behar ditugu eta beste hainbeste egin nahiko genituzke. Ondorioz, distraituegi edo lanpetuegi egon gaitezke Jainkoak gugandik espero duena kontuan hartzeko. Horregatik Bibliak hurrengoa gogorarazten digu: «Ibili arreta handiz ergelen moduan ez jokatzeko, zentzudunen antzera baizik, denbora ahalik eta ondoen aprobetxatuz, garai txarrak baitira» (Efesoarrei 5:15, 16NWT). Jainkoari atxikita biziko gara berarekin dugun adiskidetasuna gure bizitzako gauzarik garrantzitsuena bada (Mateo 6:33).

ERABAKIA ZURE ESKU DAGO

Egia da ezin duzula ezer egin iragana aldatzeko. Baina badago zuk eta zure familiak etorkizun zoragarria izateko egin dezakezun zerbait. Bibliak gure zeruko Aitak, Jehobak, zenbat maite gaituen eta guk zer egitea nahi duen azaltzen digu. Begira zer esaten duen Mikeas profetak:

«Gizaki hori, irakatsi zaizu zer den ona, zer nahi duen Jaunak zuregandik. Hauxe: zuzenbidez jokatzea, on izaten saiatzea, eta zure Jainkoarekin apaltasunez bizitzea» (Mikeas 6:8).

Eta zu? Biziko al zara Jainkoarekin? Bere gonbidapena onartzen baduzu, bere lagunentzako prestatuta dituen betirako bedeinkapenak jasoko dituzu. Erabakia zure esku dago!