Etorkizuna jakiteko nahia
Pentsatu al duzu noizbait zein izango ote den zure eta zure familiaren etorkizuna? Aberatsak izango zarete ala arazo ekonomikoak izango dituzue? Maitasunez inguratuta biziko zarete ala bakarrik sentituko zarete? Bizitza luzea izango duzue ala gazte hilko zarete? Gizakiak betidanik egin izan ditu horrelako galderak.
Gaur egun adituek munduko joerak aztertu eta iragarpenak egiten dituzte. Hauetako asko bete diren arren, beste batzuek erabat huts egin dute. Adibidez, 1912an Guglielmo Marconik, haririk gabeko telegrafoa asmatu zuenak, hurrengo hau aurresan zuen: «Haririk gabeko garaia iristean, ezinezkoa izango da gerrarik egotea». Eta Decca Records diskoetxeko ardura handiko gizon batek Beatles musika taldea baztertu zuen 1962an, gitarra jotzen zuten taldeak modaz pasako zirela uste zuelako.
Bestalde, askok naturaz gaindiko indarretara jotzen dute etorkizuna jakiteko. Batzuek astrologoak kontsultatzen dituzte. Izan ere, egunkari eta aldizkari askotan horoskopoa beti agertzen da. Beste batzuek azti edo etorkizun iragarleengana jotzen dute. Hauek tarot kartetan edo eskuko arrastoen bitartez etorkizuna ikusi dezaketela esaten dute.
Antzina, pertsona batzuek etorkizuna jakiteko orakuluak kontsultatzen zituzten. Orakuluak apaizak ziren, eta jainko jakin baten ordezkariak zirela eta honen mezuak transmititzen zituztela esaten zuten. Dirudienez, horixe egin zuen Kresok, Lidiako erregeak. Persiako Ziroren aurka joan aurretik, Greziako Delfosko orakuluari opariak bidali zizkion borroka irabaziko ote zuen jakiteko. Ziroren aurka joanez gero, «inperio handi bat» suntsituko zuela esan zion orakuluak. Kresok borroka irabaziko zuela pentsatuz, Ziroren aurka joan zen, baina suntsitu zuen inperioa berea izan zen.
Orakuluaren iragarpenak ez zuen ezertarako balio izan. Berez, nork irabaziko zuen axola gabe beteko zen. Kresok larrutik ordaindu zuen guztiz zehatza ez zen informazio horretan konfiantza jartzea. Lortu al dituzte emaitza hobeak gaur egun etorkizuna iragartzeko beste metodo batzuk erabiltzen dituztenek?