Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zerk lagundu ahal dizu erretzeari uzten?

Zerk lagundu ahal dizu erretzeari uzten?

Zerk lagundu ahal dizu erretzeari uzten?

«Erretzeari uztea lortu duten pertsonen ezaugarri nagusia, erretzeari uzteko erabaki sendoa izatea da» (Stop Smoking Now! liburua).

ERRETZEARI utzi nahi badiozu, motibazio sendoa behar duzu. Nola sendotu dezakezu? Hasteko, pentsatu erretzeari uzteagatik jasoko dituzun emaitza onetan.

Dirua aurreztuko duzu. Eguneko pakete bat erretzen baduzu, urtean ehunka euro gastatuko dituzu. «Ez nintzen konturatu zenbat diru xahutu nuen tabakoa erosten» (Gyanu, Nepal).

Bizitzaz gehiago gozatuko duzu. «Nire bizitza asko hobetu zen erretzeari utzi nionean, eta hoberantz doa» (Regina, Hego Afrika). Jendeak erretzeari uzten dionean, beraien dastamena eta usaimena asko hobetzen dira. Gainera, normalean energia gehiago izaten dute eta euren itxura osasuntsuagoa da.

Zure osasuna hobetuko da. «Erretzeari uzteak edozein adineko gizon eta emakumeren osasuna modu nabarmen eta berehalakoan hobetzen du» (Estatu Batuetako Gaixotasun Kontrol eta Prebentziorako Zentroa).

Zure buruarengan konfiantza handiagoa izango duzu. «Erretzeari utzi nion, ez nuelako tabakoaren menpe egon nahi. Nire buruaren jabe izan nahi nuen» (Henning, Danimarka).

Zure familia eta lagunentzako ere ona izango da. «Erretzeak, zure inguruko pertsonen osasuna kaltetzen du. [...] Ikerketen arabera, urtero milaka pertsona hiltzen dira biriketako minbizia eta bihotzeko gaixotasunen erruz, inguruko erretzaileen kea arnasteagatik» (Minbiziaren Aurkako Ameriketako Elkartea).

Gure Sortzailea poztuko duzu. «Ene maiteok, […] garbi gaitezen gorputzeko eta espirituko zikin guztietatik» (2 Korintoarrei 7:1). «Eskain ditzazuela zeuen gorputzak […] santu eta Jainkoarentzat atsegingarri» (Erromatarrei 12:1, oharra).

«Jainkoak gorputza kutsatzen duten gauzak atsegin ez dituela ikasi nuenean, erretzeari uztea erabaki nuen» (Sylvia, Espainia).

Baina, askotan, motibazioa ez da nahikoa. Besteen laguntza ere behar dugu, adibidez, familia eta lagunena. Nola lagundu gaitzakete?