Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Pentsaera negatiboari aurre egin ahal diozu

Pentsaera negatiboari aurre egin ahal diozu

Pentsaera negatiboari aurre egin ahal diozu

NOLA ikusten dituzu bizitzaren ezbeharrak? Aditu askok diotenez, gure erantzunak jarrera positiboa ala negatiboa dugun adierazi dezake. Egia da denok bizitzan zailtasunak ditugula, batzuek besteek baino gehiago. Hala ere, pertsona batzuek ezbeharrak animo onarekin gainditzen dituzte. Beste batzuek, berriz, txikiagoak diren zailtasunen aurrean, amore ematen dute. Zergatik?

Imajinatu lan bila zabiltzala. Elkarrizketa batetara zoaz, baina ez zaituzte kontratatzen. Nola sentitzen zara? Agian arazoa zu zarela, eta inoiz ez dela desagertuko pentsatu dezakezu. Gainera, esatea duzu: «Inork ez du ni bezalakorik kontratatuko, ez dut inoiz lanik lortuko». Edo, oraindik okerrago, dezepzio bakar honek eragin sakonagoa izan dezake zure bizitzaren arlo guztietan. Eta erabaki dezakezu: «Desastre hutsa naiz, ez dut ezertarako balio». Hau da, hain zuzen ere, ezkor izatearen esanahia.

Nola egin aurre izaera negatiboari

Nola atera gaitezke pentsaera negatiboaren menpetik? Eman beharreko lehenengo pausoa, pentsamendu negatiboak identifikatzen ikastea da. Ondoren, hauen aurka egin behar dugu. Bilatu zure egoera azaldu dezaketen zentzuzko arrazoiak. Adibidez, egia al da ez dizutela lanpostua eman zu bezalakorik ez dutelako kontratatu nahi? Ala baliteke beste prestakuntza mota bat zuen norbaiten bila egotea?

Identifikatu erantzun exageratuak ekintza zehatzen bidez. Dezepzio bakar batek, porrot egin duzula esan nahi al du? Edo bizitzaren beste arloetan ongi konpontzen al zara? Esaterako, eginkizun espiritualetan, familiarekin edota adiskideekin. Ez pentsatu egoera guztiak gaizki bukatuko direnik. Azken finean, ziur al zaude inoiz ez duzula lanik aurkituko? Baina, pentsamendu negatiboak alde batera uzteko, gehiago ere egin dezakezu.

Helburuekin loturiko jarrera positiboa

Azken urteotan, ikerlariek esperantza modu interesgarri batean definitu dute: Gure helburuak lortu ditzakegula sinestea. Baina, hurrengo artikuluan ikusiko dugunez, esperantzak hau baino gehiago esan nahi du. Hala ere, aipatutako definizioa lagungarria izan daiteke. Esperantzaren alderdi honetan arreta jarriz gero, helburuekin loturiko jarrera positiboagoa landu dezakegu.

Gure helburuak lortzeko gai garela sinesteko, helburuak jarri eta hauek bete behar ditugu. Hau egiteko ohiturarik ez badugu, nolako helburuak ditugun serioski pentsatu beharko genuke. Hasteko, helbururen bat ba al dugu? Eguneroko eginkizunetan murgiltzea oso erraza da. Baina, honela, benetan bizitzan lortu nahi dugunari, hau da, garrantzitsua denari, ez diogu lehentasunik ematen. Lehentasun zehatzak ezartzeari buruz, Bibliak duela denbora asko aholkatu zuen: «Egokien [edo garrantzitsuena] dena bereizten jakin dezazuen» (Filipoarrei 1:10).

Gure lehentasunak ezarri ondoren, funtsezko helburu batzuk aukeratzea errazagoa da. Helburu hauek, ekintza espiritualekin, familiarekin, lanarekin edota eskolarekin loturik egon daitezke. Hala ere, ezinbestekoa da hasieran helburu gehiegi ez jartzea. Gainera, erraz lortu ditzakegun helburuak soilik aukeratu behar ditugu. Izan ere, helburua zailegia baldin bada, desanimatu gaitezke eta amore eman dezakegu. Beraz, hobe da epe luzeko helburuak, epe laburreko helburuetan banatzea.

Aspaldiko esaera batek ondorengoa dio: «Non gogoa, han zangoa». Eta arrazoi osoa du. Gure helburu nagusiak aukeratu ondoren, hauek lortzeko gogoa eta desioa behar ditugu. Desio eta gogo hauek sendotzeko, gure helburuen garrantzian eta hauen emaitza onetan hausnartu dezakegu. Eta zailtasunak agertzen direnean, ez ditugu arazo moduan ikusi behar, erronka moduan baizik.

Honetaz gain, gure helburuak lortu ahal izateko modu praktikoetan ere pentsatu behar dugu. C. R. Snyder adituak esperantzaren balioari buruzko ikerketa sakona egin zuen. Horren ostean, berak helburu bat lortzeko modu desberdinetan pentsatzea gomendatzen du. Honela, modu batek balio ez badu, beste proba batzuk egin ditzakegu.

Snyder-ek dioenez, batzuetan helburuz aldatzea komenigarria izan daiteke. Izan ere, gure helburua lortzea ezinezkoa baldin bada, bueltak emateak gu desanimatzea besterik ez du lortuko. Bestalde, helburua beste batengatik ordezkatzen badugu, gure esperantza berritu egingo da.

Biblian honi buruzko eredu adierazgarri bat aurkitzen dugu. Dabid erregeak bere Jainkoarentzat, Jehobarentzat, tenplu bat eraikitzeko asmoa izan zuen. Baina Jainkoak pribilegio hori, berari ordez, bere seme Salomoni emango ziola esan zion. Dezepzionaturik sentitu arren, Dabid ez zen burugogorra izan. Horren ordez, bere helburua aldatu egin zuen. Salomonek tenplua eraikitzeko behar zuen guztia prestatzeko erabili zituen bere indarrak (1 Erregeak 8:17-19; 1 Kronikak 29:3-7).

Laburbilduz, esperantza indartu dezakegu, pentsaera negatiboari aurre egiten, helburuekin loturiko jarrera positiboa landuz. Hala eta guztiz ere, agian esperantza falta zaigula sentitu dezakegu. Zergatik? Sentitzen dugun etsipena, askotan gure kontrolpetik kanpo dauden egoerek sortzen dutelako. Izan ere, gizakiok arazo larriak sufritzen ditugu: pobrezia, gerrak, injustiziak, gaixotasunak eta heriotza. Arazo hauetan pentsatzen dugunean, nola mantendu dezakegu esperantza?

[Irudia]

Ez bazaituzte lan baterako kontratatzen, inoiz ez duzula lanik lortuko pentsatuko al zenuke?

[Irudia]

Dabid erregeak bere helburuak egoeren arabera moldatu zituen.