DISEINATUA IZAN AL ZEN?
Kakalardo deabru korazatuaren oskola
Kakalardo deabru korazatua (Phloeodes diabolicus) Ipar Amerikako mendebaldean bizi da. Ikerlarien arabera, kakalardo honek bere pisua baino 39.000 aldiz gehiagoko zama baten presioa jasan dezake. Kotxe bat gainetik pasatzen bazaio ere, biziraun dezake. Nola lortzen du kakalardo honek hain presio handiak jasatea?
Kakalardoaren oskolaren goiko eta beheko zatiak, alde bakoitzean eta luzera osoan zehar, euskarri batzuekin lotuta daude. Euskarri hauek hiru motakoak dira. Lehenengo motakoek presio handiak jasan ditzakete deformatu gabe eta horrela kakalardoaren organoak babesten dituzte. Bigarren motakoak ez dira hain gogorrak eta malguagoak dira. Hirugarren motakoek kakalardoaren oskola mugitzea baimentzen dute. Azken euskarri mota honen malgutasunari esker, kakalardoa zuhaitzen azalaren azpian sartu edo harrien pitzaduren artean ezkutatu daiteke.
Gainera, kakalardoaren oskolaren erdialdeko loturak protuberantzia asko ditu. Hauek hortz izena dute eta elkarrekin lotzen dira puzzle bateko piezak bezala. Hauen bidez, gaineko pisua sakabanatu egiten da. Hortzak proteinek elkarrekin itsasten dituzten geruzen bidez osatuta daude. Presiopean daudenean, proteinek pitzadura edo arrakala txikiak sortzen dituzte. Hauei esker, hortzek presioa jasan dezakete apurtu gabe eta pitzadurak denborarekin sendatu egiten dira.
Ikerlarien arabera, diseinatzaileek kakalardo honen oskola imitatu dezakete presioa edo kolpeak jasan behar dituzten egituren diseinuan, hala nola, ibilgailu, zubi eta eraikinen diseinuan.
Zer uste duzu? Kakalardoaren oskola ustekabean sortu zen edo diseinatua izan zen?